Askatasuna-k isun faltsuak bidali ditu adierazpen askatasuna aldarrikatzeko

uztarria 2004ko aza. 18a, 18:11
Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean bidali du gutuna
  • Azkenaldian hainbat herritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eskutitzak jaso dituzte, isunekin
  • Askatasuna-k horren aurrean ekimen bat antolatu eta eskutitzak banatu ditu etxe batzuetan isun faltsuekin

Azken egunetan zenbait etxetara Foru Aldundiaren izenean iristen ari diren isunek sortutako nahasmena argitzeko Azpeitiko Askatasunak gutun bat atera du isun horien banaketa bere gain hartuz.

Askatasunak ekimen honen bidez, "adierazpen askatasunaren eta manifestazio eskubidearen ukazioa" salatu nahi izan ditu. Gutun horien helburua, herritar batzuk horrelako gutunak jasotzean sentitzen duten "inpotentzia eta kezka" azaltzea izan da.

Gutun faltsuon berri hedabideetan ere azaldu da eta Azpeitiko Udalak ere jakinarazi zuen ez Udalak eta ez idatzian azaltzen diren bestelako erakundeek ez zutela inolako zerikusirik gutun horiekin.

Hona hemen, hori guztia dela eta, Askatasunak Uztarriari igorri dion karta:

"Agur t'erdi;

Aurreko egun hauetan jasotako eskutitza dela eta Azpeitiko Askatasunak azalpen batzuk helarazi nahi lizkizueke. Baina inongo azalpenak eman aurretik gure sentipenak helarazi nahi genizkizueke, sortarazitako endredu eta kezkengatik besteak beste.

Kontua da aurreko egunetan jaso izan duzun eskutitza herrian martxan jarria dugun kanpaina baten inguruko ekimen bat izan dela, non helburu ezberdinak bete asmo dituen.

Gure herria urte luzeetan jasaten duen gatazka politikoa tarteko, errepresio gogorra jasatera behartua dago. Gure herriaren aurka buru belarri dihardueten etsaiak hainbat eta hainbat motako errepresio mota ezberdinak erabiltzen dituzte gure eskubideak zapaldu eta beraienak inposatuz. Horren adibide garbiak dira, herrian errepresio mota ezberdinak jasaten dituzten herritarrak; Donostian epaitu berri dituzten 9 gazte azpeitiarrak, Habea herri plataforma abertzaleak pairatzen duen apartheid egoera, gorputz polizial ezberdinen presentzia itogarra, herritarren aurkako jasarpenak, identifikazioak, manifestazio eskubidearen ukapena, adierazpen askatasunaren gabezia, eta abar luze bat.

Kasu honetan azken puntu hauei heldu nahi genioke bereziki, non nolabait aipatzearren "errepresio zuri" honek ondorio larriak jasanarazten dizkion hainbat herritarrei. Gure herrian manifestazio eskubidea zein adierazpen askatasuna guztik ukatuak ditugu. Manifestaldietan parte hartzeagatik, deialdiak egiteagatik... hainbat herritar Ertzaintzak idetifikatu, meatxatu eta isunez josten ditu, helburu bakar batekin, Euskal Herriaren aldeko borroka ekidin eta zapuztu asmoz. Baina oker dabiltza, guk gure herriaren eskubideen aldeko borrokan jarraituko dugu, eta bide batez jasaten dugun egoera errepresiboa salatuko dugu, eta beraien izen-abizenak herritar guztien aurrean, altu eta ozen adieraziko ditugu. Pairatzen dugun errepresio zuri honek baditu gure herrian bere arduradunak. Urte luzeetan udal gobernuan agindun dugun EAJ-PNV hain zuzen ere!

Beraiek ongi diseinatutako estrategia errepresibo hau, bultzatu, baimendu eta bideratuz, nahiz eta sarritan beraien aho potoloak hitz polit eta abertzaleez batetzen dituzten, gure herriko errealitatea bestelakoa da. Egun jadanik 25.000 eurotako diru isunak dauzkagu herrian, zein kasu batzuetan enbargoak, aurrezki kontutik diru kentzeak... ematen dira. Egoeraren larritasunaz jabetuz eta hau guztia aurpegiratu asmoz eginiko ekimena da hau, non hainbat eta hainbat herritar udaletxera bideratuz eskutiz horren bidez udala ein batean kolapsatu eta ezoiko egoera batera bideratuz, egiten dutenaren jakitun izan daitezen.

Bestalde, eskutitza jaso duzuen herritarrok, errepresio mota hau pairatzen duten herritarren lekuan jarri asmoz, honek sortarazten dituen inpotentzia eta kezkak sentitu asmoz ere bai.

Adierazpen askatasuna orain! Manifestazio eskubidea orain!

PNV=Ertzaintza errepresaioa gelditu

Azpeitiko Askatasuna"