Xabier Euzkitze: “Oholtza gainerako irrika ez zait itzuli, eta ez dut uste sekula itzuliko zaidanik”

Berria 2004ko urr. 28a, 18:10
Xabier Euzkitze bertsotan gazteagoa zenean.
  • Berria egunkariak ostegunetan dakarren Tartea gehigarrian Xabier Euzkitzari elkarrizketa egin diote
  • Txikitan pilotari izateko ametsa zuela dio, baina dohairik ez zuela ere bai

Minutu batzuen atzerapena dakar. Ibilera lasaia eta irribarrea ahoan. Galderak, berriz, serio-serio erantzuten ditu. Bere bizitza eta ibilbide profesionala goitik behera, xehe aletu ditu, nola udazkenean hostoak zuhaitzetatik. Haizeak ez ahal ditu bere hitzak noraezean eramango.

Xabier Perez. Nondik, zergatik Xabier Euzkitze?

Ez da, inola ere, ezizen artifiziala. Amaren aldetik denok gara Euzkitzetarrak. Azkoitian urte asko pasatutakoa naiz, amaren aldeko aitona-amonekin, osaba-izebekin… Telefonoz nitaz galdezka deitzen zutenean, ‘Euzkitze hor al da?’, ‘Zer Euzkitze, hemen asko gaituk!’, erantzuten zuten. Bestalde, lehenbiziko saioa Arrasaten egin nuen, Eskolarteko Txapelketan, eta Mikel Mendizabal genuen gai-jartzaile. Galdetu zidan ‘Nola deituko dizut Xabier Euzkitze ala Perez’ eta ‘Perez esan ezak’, erantzun nion. Lehen saioa Perez bezala egin nuen, baina bigarrenean, bera hasi zen Euzkitze deitzen, eta handik aurrera halaxe segitu dut. Bai bertsotan bai bertsoz kanpoko lanetan.

Zuen baserriak ere Euzkitze izena al zuen?

Bai, halaxe zuen eta halaxe du. Azkoitiko Ormolamendin dago. Gure tartekoak han bizi dira oraindik ere. Aitona jaitsi zen handik, eta berarekin ekarri zuen izena.

Non jaioa, non bizia eta nora joana zara?

Azpeitian jaio nintzen, 66ko ekainaren 9an. Han bizi izan nintzen 10 bat urte arte. Aitona hil ondoren, Azkoitira joan ginen; han urte mordoxka bat egin, eta berriz ere Azpeitira bueltan. Amona gaixotzean, berriro Azkoitira… Bi herri horien artean egin dut bizitza. Bietan beti etxeko sentitu naiz, eta gustura egon naiz.

Eta orain?

Azken hiru urteak Zarautzen daramatzagu. Oso gustura bizi gara. Nire lanari begira, aproposa da kokapenez. Gainera, oso herri euskalduna, sanoa da, itsaso eta guzti! Mendia ere bertan du. Leku erosoa, atsegina eta gustagarria da Zarautz.

Bertsolari izana, telebistako aurkezle, pilotan aditu, kantari fin… Zure semeak aita zein ofiziotakoa duela esango du?

Horixe ez dakit, ba! Nik ez dakit gure mutikoak telebista zer begirekin ikusiko duen. Guk urruneko gauza izan genuen beti, baina gurea txiki-txikitatik ohitu da aita telebistan ikusten. Kantuan ere ikusten nau, baita pilota partidetan ere… Bertsotan ez nau ezagutu, baina jaio zen egun beretik bertso asko eta asko entzun izan ditu. Oraindik ere kantatzen dizkiot. Baina pentsatuko du, bai, ‘gure aita hau zer ote da?’. Horiek dira nire munduak, eta berak denetatik edan behar izan du. Bi urte bete berri ditu, eta dagoeneko bertsolarien posturak imitatzen ditu: hankak zabal-zabal jarri, bi eskuak atzera eraman, eta ua-ua-ua-ua aritzen da!

Bide batez, zer ekarpen egin dizu semeak? Nola du izena?

Aner deitzen da, izan dudan esperientziarik zoragarriena.

Pilota ere zure inguruan ibili ohi da boteka. Erresto ona izan al da, zure bizitzan, ETBn azalpen emaile aritzea?

Nik hainbesteko afizioa izan dut pilotan, hainbestekoa, Azkoitirako joera, neurri handi batean, horrexegatik izan dudala. Nire ametsa pilotaria izatea zen, baina ez nuen horretarako dohainik. 17 urterekin hasi, eta Euskadi Irratian pilota partidak emanez aritu nintzen hiruzpalau urtean, eta, gero, 87an telebistan aritzeko lehen aukera iritsi zitzaidan. Geroztik hortxe izan naiz. Telebistaz ez dakit zenbat partida emango nituen, baina milaka batzuk izango dira. Pilota beste alde batetik bizitzeko aukera eman dit. Neure-neurea sentitzen dudan mundutik bizitzeko aukera daukat, eta niretzat zoragarria da.

Zer ikasi duzu pilotalekutik pilotalekurako ibilbidean?

Asko ikasi dudala uste dut. Orain, hasi nintzenean baino gehiago ulertzen dut pilota. Partida asko ikusi ezean, ikusleak ez du ikasten zer alde dagoen pilotalekutik pilotalekura, zer eragin izan dezakeen pilota mota batek edo besteak, zenbat aldatu, ondu eta eskastu daitekeen pilotaria bera materialaren arabera… Mundu horren pean, beste alderdi ugari ezagutzeko aukera izan dut. Gainera, azken urteotan, Tolosarekin nabil, eta berak frontoia oso-oso ongi ezagutzen du, partida analizatzen oso trebea da, eta Joxeanen ondoan asko ikasi dut.

Gure telebistan ohiko aurpegi bilakatu zara. Badirudi jendea ez dela aspertzen. Eta zu zeu?

Ez. Niretzat ETB nire lantokia da, eta urte asko daramatzat bertan. Nire ustez, jendea ez da aurpegi batekin aspertzen; aurpegi hori daramanak egiten duen lanaren araberakoa da. Lan kaskarra egiten baduzu, bizi motza izan dezakezu. Zeure lekua hartzea, zeure izateko moduari eustea eta lan hori itxura antzean egitea da kontua. Uste dut telebistak eta biok elkar ondo tratatu dugula, eta ez daukagula elkarren kexarik.

Garai batean pentsatzen al zenuen Sorginen Laratza-ren pareko saio baten buru izango zinela?

Telebistan egin nuen lehen saioa ez zen Sorginen Laratza-tik oso urrunekoa. Hi heu gazteentzat egindako saioa zen, 87-88 denboraldian. Garai hartarako saio berritzailea izan zen. Gero, hainbat bidezidorretatik eraman nau telebistak: zerikusi handirik ez dute albistegiak eta Sorginen Laratza-k. Niretzat jauzi profesional handia izan da; exijentzia handikoa ere bai. Dena da telebista, baina, kamera aurrean, askoz ere ahalegin handiagoa eskatzen du Sorginen Laratza-k albistegiak aurkezteak baino. Hutsetik ez nintzen hasi, baina neure burua asko landu behar izan dudala zalantzarik ez da. Beraz, den-dena kontuan izanda, eman beharreko pausoa zen.

Eroso zaude bertan?

Bai, bai. Beti izaten dira atal batzuk besteak baino gusturago egiten dituzunak. Txutxu-mutxuena, esaterako, hasieran deserosoa egiten zitzaidan. Baina, gero, konturatu nintzen aurretik egina nuela. Bertsotan, sarri jarri behar izaten genuen Julio Iglesiasen, Ronald Reaganen… larruan. Horretaz jabetzean, gehiago ez nion bueltarik eman. Bestalde, zenbait elkarrizketa niretzat oso gustagarriak eta tentagarriak izan dira. Esaterako, duela gutxi Edurne Pasaban etorri zen, ospitaletik atera berri zela. Beste batzuek, berriz, pertsonalki eta profesionalki ez naute hainbeste betetzen. Baina era horretako programak dauzkan exijentziak dira, eta horietatik ere asko ikasten da.

Gogoan al duzu estutasunean jarri zaituen egoeraren bat?

Nik hasieran ez nuen sekula pentsatuko neure burua dantzan ikusiko nuenik. Oso-oso dantzari eskasa naiz. Eta saioak horretara ere eraman nau. Dantzari txarra izaten segitzen dut, baina tira! Beste une batzuk ere deseroso samarrak izan dira. Esaterako, azken Bertsolari Txapelketa Nagusiaren biharamunean, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio eraman genituen saiora. Beraiek ez ziren oso eroso egongo, eta ni neu ere ez ninduten oso eroso sentiarazi. Pentsatzen dut bazekitela zer eratako saioa zen gurea, zer jarrerarekin etorri beharrekoa den eta uste dut mundu horren moztasunarena gehiago izan zela saio horretan ikusitakoa.

Zure ustez, zer du faltan, zer soberan, gure telebistak?

Pertsonalki faltan botatzen dut audientziarekiko lotura txikiagoa izatea. Berria irakurleentzat egiten da, Sorginen Laratza jendeak ikus dezan eta kafea jendeak har dezan. Beraz, hirurak ere erosleen, ikusleen eta hartzaileen eskuetan daude. Zerbaitek horietara iristea lortzen ez badu, kendu egiten dute. Guk badakigu presio horren pean lan egin behar dugula, baina ETBn beste gauza batzuei ere gehiago begiratu behar litzaiekeela iruditzen zait.

2000. urtean, disko bat atera zenuen: Argitzaletan. Zure saioan kantatzen entzun zaitugu. Osterantzean, zer-nolako harrera egin dio jendeak?

Ez zen neuk bilatutako zerbait izan, eskura etorri zitzaidan aukera baizik. Izan dudan sentsaziorik ederrenetako bat instrumentazioaren laguntzarekin kantatzea izan da. Neure buruarekin, intonazio, belarri eta erritmoarekin eroso sentitzen naiz, eta gustura egiten dut. Sekula ez dut plazaz plaza ibiltzeko asmorik izan. Diskoaren aurkezpen gisako zenbait kantaldi eman genituen, bospasei, baina geroztik ezer ere ez. AEBetara ere gonbidatu gintuzten Alboka taldea eta neu. Hortxe amaitu ziren gure kantaldiak. Disketxean hiru disko ateratzera konprometitu nahi ninduten, baina kontratutik klausula hori kenarazi nien, ez bainuen konpromisoz egin nahi. Beste disko bat grabatzera iritsiz gero ere, barruak eskatzen didalako izango da, gogoz eta ilusioz; ez inork behartzen nauelako.

Kantuan ibilia zara, bertso kantuan ere bai. Bertsoak gazitik gozotik baino gehiago duelako utzi al zenuen bertsolaritza?

Ustez, dena kontuan hartuta, gozotik gazitik baino gehiago du. Gehien bete izan nauen arloa, pozik handiena eman didana eta ilusiorik handiena eragin didana bertsolaritza izan da; hori oso-oso argi daukat. Ez da telebistarik, ez pilota partidarik, ez kantagintzarik, ez diskorik bertsolaritzak adina poz, irrika eta antsi sortu didanik. Hainbeste urtean hartutako pozak ez dira bat-batean ahazten. Halere, uneak izaten dira. Hau ere ez da bortxaz egin beharreko lana, gogoz egin behar da, eta nik gogo hori galdua neukan. Deiak iristean poza hartzen nuen, baina herri horretara abiatzeko autoa hartzean pentsatzen nuen, ‘dedio, zergatik eman ote nien baiezkoa!’. Aldarte horrekin ez dago bertsotara joaterik. Unea gerturatzen ari zela ikusten nuen, eta egun hartan, taula gainean nengoenean, ‘hauxe da unea’, pentsatu nuen. Egoera hartan botatako bertsoa izan zen. Artista sentsazioek eraman behar dutela uste dut. Sentsazio garbi-garbiak nituen nik, eta kasu egin nien.

Bertso gogoa galdua zeneukala eta berriro piztean itzuliko zinela azaldu zenuen. Non da gogo hori?

Ordurako banekien munduak buelta asko eman ditzakeela, eta horregatik esan nuen. Bakoitzaren ilusio, amets eta gogoak etorri bezala joan, eta joan bezala etor daitezke. Horregatik ez nituen ateak erabat itxi nahi. Bertso hura bota nuenetik seigarren urtea aurki beteko da, eta oholtza gainerako irrika ez zait itzuli, eta ez dut uste sekula itzuliko zaidanik. Dena den, bertsoekin gozatzen jarraitzen dut, eta niretzat hori da garrantzitsuena. Lehengo larunbatean Joxe Lizaso eta Agirrerekin bertso afari batean kantatu nuen. Errima almazena-eta pixka bat murriztu zaizkit, baina erraz eta gustura aritu nintzen. Gainerakoan ere, sekula ez dut egun bat pasatu bertsorik kantatu gabe. Barrua bertsolari sentitzen dut. Hori da balio duena.

Laxaro Azkunek honela esan zuen: “Euzkitze albistegi ofizial bateko aurkezlea zen, eta gero bertsolari plazetan; jendeak hori ez zuen ezkontzen, eta Xabier erre egin zen”. Hala al da?

Egia da zenbait unetan ez nintzela eroso sentitu, baina hori albistegietan hasi aurretik ere gertatzen zitzaidan. Nire ustez, jendeak, oro har, bazekien bereizten albistegietan aurpegia ematen zuen hura eta Euzkitze bertsolaria. Laxaroren interpretazioa horixe izan zen, baita beste zenbaitena ere, eta… baliteke arrazoi izatea.

Euskara dotorea, jasoa hitz egiten duzula azpimarratu izan da beti. Hori esateak ba al du funtsik?

Zer esango dizut, ba! Oso eskola ona izan dut. Batetik, euskarak bizirik dirauen tokian jaiotakoa naizelako, eta, bestetik, etxean, amak kontzientzia handia izan zuelako. Txiki-txikitatik egin izan ditut geure euskalkiaz haratagoko beste euskara bat lantzeko ahaleginak. Oso garbi daukat Euskal Telebistan lan egiten dudala, eta euskara ahalik eta gehien landu behar dudala. Nekerik gabe egiten dut, plazera da niretzat. Euskalkien iturritik edatea oso-oso gustuko dut, eta beste euskalkietan aritzea ere gustatzen zait.

Zer da zuretzat euskara?

Neure eta neure inguruaren zeinu bereizle nagusia. Nire bizitzako motibaziorik handienetako bat, profesionalki landu ahal izan dudana, bere adarren (euskalkien) bitartez Euskal Herria askoz hobeto ezagutzeko bideak ireki dizkidana eta neure herriari gehien atxikitzen nauena.

Zein euskalki duzu gustukoen?

Xalbador txikitatik idealizatu izan dut. Aitor eta Jon Sarasua eta hirurok, artean gidabaimenik ez genuela, autobusez eta oinez, Urepelera joan ginen behin, haren ingurua ezagutu nahirik. Miresmen horrek Xalbadorren obra, ingurua eta euskalkia (behe nafarrera) ezagutzera eraman nau. Gipuzkerarekin batera, gehien ezagutzen dudan euskalkia behe nafarrera da.

Zertan bereizten dira garai bateko mutikoa eta gaur egungo telebistako aurkezlea?

Natural emandako pausoak izan ditut. 13-14 urterekin nekez pentsa nezakeen komunikazioarekin hainbesteko lotura izango nuenik. Gauzak berez etorri zaizkit, neure burua ez dut behartu. Esaterako, nik garbi neukan bertsoak asko gustatzen zitzaizkidala, eta komunikatzeari dagokionez, amarekin egindako ariketak direla-eta irratian lan egiteko grina izan nuen. Orduan neuzkan ametsak landu ahal izan ditut gerora, zortez.

Ba al duzu txikitako oroitzapen bereziren bat?

Lehenbiziko aldiz bertsolariei entzun nienekoa: Lasarte eta Agirre. Azkoitiko Urrategi auzoan izan zen, eta bospasei urte izango nituen. Betiko markatu ninduen horrek. Bestalde, 8-9 urte neuzkala, tertulia politikoak etengabeak izaten ziren etxean. Aitona Gilermo gizon jantzia zen garai hartarako, asko irakurria eta politika gertutik bizi zuena. Rafael anaia bisitan etortzen zitzaion, eta gogoan dut zer-nolako elkarrizketak izaten zituzten. Franco hil aurreko garaia zen, eta prentsako artikuluak komentatzen zituzten. Beste mutikoentzat politika urrunekoa bazen ere, nik horren zipriztinak jaso izan ditut txiki-txikitatik.

Hala ere, ez zaitugu politikari hertsiki loturik sumatu...

Politikan egin ditudan agerpenak era guztietako indarkeriak gaitzesteko izan dira; besterik ez. Eta horiek ere dezente markatu naute. Politika hurbiletik jarraitzea gustatzen zait, eta ez zait arrotza egiten.

Iragana eta oraina lotu dituzu. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Egin dudan lan klase bakarra hauxe izan da: komunikabideei lotutakoa. Gerora ere, era batera edo bestera, nire lanbidea ildo beretik joango dela uste dut. Mundu aldakor honetan ezin da ezer ziurtatu, baina nekez imajina nezake neure burua beste zerbaitetan. Egoerak behartuko banindu, berriz, moldatuko nintzateke. Geroak esango du, baina ez diot asko begiratzen etorkizunari.

1998ko abenduaren 11n, Soraluzen, Xabier Euzkitzek adio esan zion taula gainean kantatzeari. Bertan hartutako erabakia izan zen, ez aurrez pentsatua. Hona hemen, bota zuen bertsoa:

Bertsoak denetik du

gazi eta gozo

batzuetan gazitik

gehiegi akaso.

Kasik atzo goizean

esan nuen kaixo,

agurrera iritsi naiz

pausorik pauso.

Adio bertsozale

maite zaitut oso.

Bat-batean

Udazkenak dakarkizuna. Laneko tentsioa, eta, Zarautzera, berriz, lasaitasuna.

Hasi bai, baina amaitu ez duzun liburua. Bat baino gehiago; esaterako, *El péndulo de Foucault*.

Semeari barneratu nahiko zeniokeen ideia/kontzeptua. Euskaltzaletasuna eta unea bizitzearen garrantzia.

Urik ez bada (edateko)… Mahaian sagardoa eta parrandan garagardoa.

Oraindik bete ez duzun ametsa. Audientziaren presiorik gabe lan egin ahal izatea.

Zer duzu sorginetik? Pikardia.

Zer zintzilikatuko zenuke laratzetik? Pertzada bat babarrun, lagunekin solasean jateko.

Abanera edo 8ko txikia? 8ko txikia.

Beti argitzaletan dagoena… Xabier, Euzkitzek tapatzen du eta.

Pilotaren botea baino aldakorragoa dena. Teleikusleen kapritxoa.

Nori esango zenioke ez hadila kanbia. Txillardegiri.

Zerk ematen dizu bihotzean min? Ekialde Hurbilak, Saharako egoera lazgarriak… munduko bidegabekeriek.

Klaudio Landa. Zinezko laguna.

Jantzi jada ez, baina norengatik kenduko zenuke txapela? Imanol Lartzabalengatik; haren oroitzapenez, Nik banizun erkide bat kantatzeko.

Seriotasuna, beldurraren estalki? Ez naiz beldurtia. Seriotasunak lan ildo behar du.