Ikastolen festak: morrontza politikoaren ala naziogintzaren ikur?

Elias Mendinueta (ikastolako gurasoa) 2004ko urr. 27a, 18:10
  • "Arbola espainolaren adar bat izateko joera ideologiko garbia atzematen da"
  • "Gure lurraldea ez da oraingo gune administratibo bakoitza. Gurea Nafarroa osoa, Euskal Herria da"

Aurtengo bost ekitaldiak bukatu dira, eta une egokia deritzot gogoeta bat egiteko. Hasteko, ikastolen aldeko festa bakoitzaren inguruan badaude zenbait adierazle zer pentsa ematen dutenak. Nolatan azaltzen ditugu jendaurrean bakarrik diru eta jendetza kopuruak, eta ikastolen inguruan ez dugu mezu argirik ematen? Nolatan gelditzen gara ozenki esan gabe naziogintzan ari garela herritar xumeak, 160 urteotan Nafarroako Estatuaren azken aztarnak galdu genituenetik, etsi gabe geure Eskola eraikitzen? Bestalde, nolatan dago euskararen festa esateko halako joera zabala, ikastolen festak direla argi dagoenean?

Aldaketa hori egitea oso inuzentea ematen badu ere, horren azpian joera ideologiko garbia atzematen da. Hain zuzen ere, arbola espainolaren adar bat izateko aukera egin duenarena. Adar horri euskara atxiki eta kito. Ez dago arbola propioaren aukerarik, ez dago nazio aukerarik. Eta ez ahaztu, nazio nortasunaren beste zenbait ezaugarriekin bateratuta bakarrik duela bizi-iraupena hizkuntza batek, euskarak gure kasuan. Beraz, hizkuntzaren apustu hutsean bere galbidea dator, beste ezaugarririk gabe euskarri faltan gelditzen delako. Aipaturiko joera eta hizkera horien atzean ez dago bakarrik ikastolak egiten ari garen naziogintzaren kontzientzia falta. Morrontzak eta ezkutuko aukerak ere badaude. Erakundeetako ordezkari ofizial eta politikarien aldetik esaten direnak daude, batetik; eta, bestetik, nagusiki ikastolen sareko buruzagien adierazpenek kritika zorrotza behar dute norabidea argitzeko. Hitzetik hortzera denen ahotan dabiltza hizkuntzaren eta kulturaren inguruan zenbait kontzeptu: elebitasuna, kultur aniztasuna, unibertsalak izatearena. Menpeko hartu gaituzten estatuek besteentzat erabiltzen dituzte Ā«aniztasun eta unibertsalĀ» kontzeptu horiek, eta guk garbi ipini behar dugu gure plangintzetan zein izango den hegemonikoa. Gainera, hori ozenago eta argiago esaten ausartu behar dute buru direnek. Espainiako eta Frantziako estatuek aspalditik egindako nazio aukera dute, eta bide horretatik jasotako esperientzia luzea.

Oso barneratua daukate estatutik bermatzen dela herri nortasuna. Oso argi erakutsi digute beraien arbola zaintzeko hezkuntza gune ideologiko nagusitzat daukatela. Eta horrela dute egituratuta sistema osoa. Zein gutxi ikasten dugun geure hurbileko historiatik ere! Hor dago 1993ko geure sare propioa desagertzeko ahalegina, espainolek oso garbi ikusi eta bihotzean jotzen asmatu zutena. Euskaldunekin egin dituzten akordio politiko guztiak beraien arbola bakarraren inguruan dituzte eginak. Ibarretxek berak ere garbi esaten zuen (Gara, 2003ko urriaren 3an) Eusko Jaurlaritzaren ahalmen bakarra Madrilek diseinatutako hezkuntza gestionatzea zela. Beraz, guk geure Estaturik ez dugunez, oraindik, estrategikoa da ikastolok egindako ibilbideari tinko eustea. Hain zuzen ere, gaur-gaurkoz, Euskal Herriaren sare publiko bakarra ikastolak garelako. Beste sare guztiak, indarrez menpeko hartuta gaituzten estatuen arbola osatzen dute. Jakina, sare horretan dauden herritarrei zor zaien begirunearekin, ez baikara ari pertsonez, baizik eta sistemaz. Eta sistema ez da gurea, ez publikoan eta ez pribatuan.Estatu moderno guztietan nazio-nortasuna bermatzeko eskola gune ideologiko oinarrizkotzat jotzen dute. Eta nazio identitatea, ezaugarri bakan batera ezin da murriztu, nahiz eta osagarri hori ustez beste guztien gainetik dagoena izan; euskara gure kasuan. Multidimentsionala da nazio-identitate horren barrua: hizkuntza, kultura, historia, nazio kontzientzia, lurraldea... Beraz, ikastolen helburu nagusia euskaldunak egitea denez, dimentsio oso horretan dauden ezaugarri guztiei erantzun behar diegu. Hain zuzen ere euskararekin batera nazio identitatea bermatzen duten beste ezaugarri guztiekin.Hori dela eta, ikastolok gure etorkizuna Euskal Herriak daraman ibilbidearekin lotuta dugunez, une honetan naziogintzan dugun egitekoa askoz ere garbiago azaldu beharra daukagu. Hori faltan botatzen da ikastolen sarea zuzentzen duten buruzagien aldetik. Morrontza usaina duten mezu ilunak, nahastuak eta koiunturari bakarrik lotutakoak izatetik, salto egin eta, argi eta garbi geure arbolaren aldeko mezuak emateko unea dugu. Horren arabera ildo estrategikoak berritu behar ditugu eta zenbait egokitzapen egin. Ikastolaren zeregina herri honen nazio identitatearekin lotuta dago eta Euskal Eskola Nazionalaren motorra gara. Helburu hori duten jendeekin auzolanean arituko gara,

Administrazioarenak diren sareetan badaude ere, berezko erreferentzia ikastolak izanik. Gure lurraldea ez da oraingo gune administratibo bakoitza. Gurea Nafarroa osoa, Euskal Herria da. Horregatik, gune administratibo horietako zenbat eta lege gutxiagorekin lotu, arrisku gutxiago izango dugu arbola espainola izaten bukatzeko. Tartean, dagokigun duinezko tratamendu ekonomikoa emateko egokiena zera da, akordioak jorratzea eta hori ere proiektu honi zor zaion begirunearekin egitea, ez baina tratuzko faborea, baizik eta zor zaiguna. Horrenbestez, ezin diogu utzi inori, ez gure festak itxuraldatzen, eta ezta morrontzan aritzen ere, uneko larrialdi ekonomikotik ateratzearen truke. Autokritika sakon batekin morrontzak astinduz, gure norabideak argiago azaltzen konprometitzera gonbidatzen ditut ikastolen sarean buru egiten duten guztiak. Ikastolakide eta herritar askoren gogoak eta indarrak biltzea lortuko dutelako horrela.