Gazteok Zer?!ek EAJk gazteen arazoekiko duen jarrera salatu du

Urola-Kostalo Hitza 2004ko urr. 27a, 12:10
  • Larunbat eguardian 50 gazte inguru Batzokira sartu, idatzia irakurri, leihoetatik pankarta bota eta kalera atera ziren

Azpeitiak Gazteok Zer?! taldekoak larunbat eguardi eguerdian Batzokira sartu ziren, eta "Azpeitiko Udala gazteei bizkarra" ematen ari zaiela salatu zuten. 50 gazte inguru sartu ziren eta idatzia irakurri ondoren, pankarta bat zabaldu zuten leihoetatik eta Batzokitik kalera irten ziren. Sartu zirenean emakume bat besterik ez zegoen barruan.

"Udalbatzarrean gertatu zirenak salatzeko sartu ginen Batzokira. Eta, era berean, EAJ egunerokoan gazte problematikaren inguruan egiten ari den politika salatu nahi izan dugu horrela. Bederatzi gazte epaiketaren zain daude eta Azpeitiko Udalak ez du asuntuan sartu nahi, eta ez du aurpegia eman nahi", esan zuten AGZ?!-ekoek.

Orain bi urteko inauterietako Elegante Eguneko gertakarien ondorioz, azaroaren 3an eta 4an herriko bederatzi gaztek epaiketa izango dute. Gazteok Zer?!-en esanetan, "epaiketa hori garai hartan Udalean zeuden EAJ-ko pertsonai batzuek ongi diseinatutako muntaiaren ondorio da. Gertakarien hurrengo egunean, berehalako epaia egin zuten EAJ alderdikoek, gertakariak kale borroka ekintzekin identifikatu eta gazteak gentuza taliban bezalako hitzekin definitu zituzten". Orduan, EAJ-k "gaztetxearen aldarrikapena kriminalizatu" nahi izan zutela adierazi zuten Gazteok Zer?!-eko gazteek. Orain bi urtetik gaur egunera arte, gauzak "berdin" jarraitu dutela salatu zuten gazteek Batzokian. "Orain dela ggutxi udalbatzarrean mozio bat aurkeztu genuen bederatzi gazteren epaiketaren inguruan eta alkatearen aginduz ez zen eztabaidatu, eta Udalak gai honen inguruan epairik ez duela egingo esan zuen". Gazteen hitzetan, Udalak jarrera horrekin herriaren aurrean "bere iritzia ezkutatu" nahi izan zuen.

Gazteok Zer?! taldekoen ustez, Udalak gazteen arazoen inguruan "elkarrizketaren apustua egiten duela saldu nahi du, baina gero, epaituko dituzten bederatzi gazteen egoeraren inguruan ez du ezer esan".

EAJ Euskal Herriko hainbat gaztetxeren aurka "errepresio dinamika" daramala salatu zuten Azpeitian Gazteok Zer?!-ekoek. "Iruñeko Gaztetxearen aurkako hustea eman zenean, EAJk horren aurkako jarrera azaldu zuen, baina bitartean beste zenbait lekutan hainbat gaztetxeren aurkako desalojoak eta erasoak bultzatu ditu".

Manifestaziorako deia

Datorren larunbatean, urriak 30, 19:00-etan, plazatik irtenda, manifestaziora ixilera deitu du Gazteok Zer?!-ek, epaituak izango diren bederatzi gazteren egoera salatu eta babesa emateko. Atxikimendu ugari dituzte.