Joseba Albizuren osasun egoerak hobera egin du

Uztarria.eus 2004ko urr. 25a, 15:10
Jokin Ormaetxearen hileta. Aitor eta Unai Osa, Aimar Zubeldia eta Andoni Aranaga txirrindulariek sartu zuten zerraldoa parrokiara. *Urola-Kostako Hitza*
  • Jokin Ormaetxearen hileta elizkizuna gaur (astelehena) arratsaldeko 19:30ean izan da Azkoitiko parrokian
  • Albizuk zaintza berezien unitatean jarraitzen duen arren, hobera egin du

Joseba Albizuren egoerak onera egin du azken orduetan. Oraindik Donostiako Ospitaleko zaintza berezietako unitatean jarraitzen du, baina ez du arnasteko laguntzarik behar eta egoeraren jabe da. Albizuk, traumatismo torazikoa, birikietako makadura eta hausturak sudurrean, ezker klabikulan eta ezker saihetsetan ditu.

Joseba Albizuk atzo goizaldean izan zuen auto istripua Debatik zumaiara arteko errepidean. harekin batera zihoan Jokin Ormaetxea txirrindulari azkoitiarra hil egin zen. Ormaetxearen hileta elizkizuna gaur arratsaldeko 19:30ean izango da Azkoitiko parrokian.

Joseba Albizu azpeitiarrak eta Jokin Ormaetxea azkoitiarrak Txitxarroko jaitsieran parte hartu zuten, beren denboraldiko azken lasterketa zen hau. Proba honen ondoren festa bat izaten da bertan eta bi txirrindulariek handik bueltan, Itziar eta Arroa bitartean, izan zuten istripua. Albizuk gidatzen zuen autoa errepidetik irten, pendiz bat igo eta irauli egin zen. Autoa 6:40 aldera aurkitu zuten arren istripua ordubete lehenago izan zutela uste da.

Uztarria aldizkarian ekainean Albizu, Aranaga eta Ormaetxea txirrindulariekin erreportaje bat egin zen. Ikusi hemen

Ormaetxearen aldeko hileta elizkizunak

Jokin Ormaetxearen hileta elizkizunak 19:30ean izan dira gaur (urriak 25) Azkoitiko parrokian. Herritar ugari elkartu da bertan, baina txirrindularitza munduko hainbat lagun ere izan da, besteak beste, Euskaltel Euskadiko zuzendaritzako Miguel Madariaga eta Julian Gorospe eta Paternina Costa de Almeria taldekoak ere Azkoitira etorri dira taldekide zuten Jokin Ormaetxea agurtzera. Txirrindulari ezagunen artean Unai eta Aitor Osa, Aimar Zubeldia eta Ormaetxearen laguna zen Andoni Aranaga izan dira. Zerraldoa lau txirrindulariek sartu dute elizara eta Elorza PeƱako eta Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko txirrindulariak elizako sarreran ziren txirrindulari azkoitiarrari azken agurra emateko.