Eusko Jaurlaritzak ez dio diru laguntzarik emango uztarria.com webari

Uztarria 2004ko aza. 4a, 17:11
  • Ez ditu lortu behar diren 65 puntuak; 62,86 dauzka uztarriak.com-ek, baina errekurtsoa sartuko du
  • Ordezko egitasmoen zerrendan dago uztarria.com, beste 79 egitasmorekin batera

Eusko Jaurlaritzak ez du www.uztarria.com diruz lagunduko, lortu beharreko 65 puntuetara ez delako heltzen Jaurlaritzaren arabera. 62,86 puntu ditu uztarria.comek, eta, beraz, diru laguntza jasotzeko ordezko egitasmoen artean dago.

Hala ere, Uztarriak errekurtsoa sartuko dugu, "gure ustez, diru laguntzak behar dituelako: euskarazko webgunea da, dinamikoa, kalitatekoa, parte-hartzaile asko ditu, eta herritik kanpo eredu dute askok".

Hona hemen uztarria.comek aurten lortutako puntuazioak atalez atal sailkatuta:

Autofinantzaketa maila: gehienez lor zitezkeen 20 puntuetatik 7,864 lortu ditu uztarria.comek.

Euskararen sustapen, garapen eta normalizazioan izan dezaketen eragina: gehienez lor zitezkeen 15 puntuetatik 12 puntu.

Produktuaren bideragarritasun plana: gehienezko 15etik 10 puntu lortu ditu.

Zabalkunde edota banaketako plana: 15 puntuetatik 5 puntu.

Antzeko beste materialekiko balio erantsia eta orain arte euskaraz trataera egokirik izan ez duten alor edo gaietan saiatzea: 10etik 6 puntu.

Erabiltzaile kopurua: 15 puntuetatik 7 puntu lortu ditu.

Produktuaren edukiak etengabe eguneraturik izango direla ziurtatzeko jarritako bitarte egokiak: 15etik 15 puntu.

Ordezko egitasmoen zerrendan

Eusko Jaurlaritzak urtero teknologi berrien deialdia programa antolatzen du eta bertara aurkezten dira hainbat webgune. Programaren helburua, "euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko" informazioaren eta komunikazioaren teknologia berria erabiltzen duten pertsona juridiko pribatuei laguntzak ematea da. 2004. urtean 900.000,00 euroko laguntza eman dute.

Programara aurkezten diren egitasmoak bost multzotan banatzen dira, eta uztarria.com hirugarrengo multzoan sailkatuta dago; Internet bidez euskarazko zerbitzuak, baliabideak eta produktuak eta edukiak gizartera zabaltzeko egitasmoen artean.

Aurten hirugarren multzoko 51 egitasmo lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak eta ordezko 79 egitasmo zerrendatu ditu. Ordezko egitasmoek diru laguntza lortzeko laguntza jaso duen egitasmo batek uko egin beharko lioke. Uztarria.com zerrendako bederatzigarrena da puntuazioaren arabera; horko lehenenak 64,87 puntu ditu.

Uztarriaren webgunea sortu zen urtetik aurkeztu izan da Eusko Jaurlaritzaren deialdira (2002tik) eta orain artean urtero ukatu diote diru laguntza. Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzen dute diruz.