Anonimoak eta uztarria.com

uztarria 2004ko urr. 21a, 20:10
  • Uztarria.com-en anonimoki eman daiteke iritzia. Arau batzuk jarraituz, hori bai.
  • Zer iritzi duzu honi buruz? Horixe jakin nahi dugu.

Webgune honetan 3.000 iritzi eta erantzunetik gora jaso ditugu honez gero. Zuek zeuon ordenagailutik idatzitakoak. Nola idatzi daitekeen esateko, arau batzuk ere finkatuta dauzkagu.

Baina ez da erraza izaten, beti, arauak errespetatzea eta errespetaraztea. Anonimoen kontu hau beti izan da gure eztabaidetako bat: nola jokatu, zer egin, noraino utzi, noraino ez...

Webgune guztiek ez dute berdin tratatzen kontu hau. Hona hemen gure inguruko webguneetan darabiltzaten modu batzuk:

  • Sustatu.com. Orain dela gutxi aldatu dute modua. Orain e-posta konfirmatzeko eskatzen dute. Motibazioa: irainak, epaitegiko zitazioa... E-posta konfirmatuz gero, automatiko publikatzen da erantzuna.
  • Baleike.com. Duela gutxi jarri zuten martxan webgunea zumaiarrek, eta e-posta benetako batekin izena eman eta gero egin daitezke erantzun edo komentario guztiak, automatikoki. Bestela, ez.
  • Erabili.com. Bidaltzailea, e-posta eta NA zenbakia eskatzen dira. Eta ondoren, moderatzaileak erabakitzen du publikatu edo ez.
  • Berria.info. Eztabaida guneetan, libre, gurearen antzeko arautegi batzuekin.
  • ....hitza.info. Eztabaida guneetan, libre, gurea bezalako arautegi batzuekin.
  • Goiena.net. Webgune guztian libre, gurearen antzeko arautegi batzuekin.

Zure iritzia jakin nahi dugun honen guztiaren inguruan. Ondo al dago uztarria.com-ek darabilen sistema? Aldatuko al zenuke? Zure iritziz, zer abantaila eta zer desabantaila ditu era honetako foro batek?