Trenaren Museoaren 10. urteurrena iruditan

uztarria 2004ko urr. 15a, 19:10
  • Argazki bilduma egin da urteurrenean ateratako argazkiekin
  • 'Urola-Kostako Hitza'-k eman zuen albistea

Trenaren Museoak 10.urteurrena bete dela-eta argazki bilduma egin da. Horren inguruko albistea Urola-Kostako Hitza egunkariak eman zuen. Hona hemen:

"Trenaren Euskal Museoak 10. urteurrena bete du. eta ospakizunak egin ziren. Alvaro Amann Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak eta Eusko Treneko lehendakariak, Azpeitia eta Pasaia artean trena martxan jartzea "epe motzerako" asmoa dela azaldu zuen: "Ez da zaila izango eta berehalako proiektu bat da. Burnibideaz jardutea, historiaz eta etorkizunaz hitz egitea baita". Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak, Azpeitia-Zumaia arteko trenbidea berreskuratzeko asmoarekin "aurrera" egiteko eskatu zion Amanni: "Ea gauzatzen den asmoa eta berriro trena izaten dugun Zumaiara".

1994ko urrian ireki zituen ateak museoak eta lehen egunak izan zituen gogoan Juanjo Olaizola museoko zuzendariak: "Ateak ireki genituenean ordulari bakarra genuen eta bera utzitakoa, orain, berriz, Europako ordularien erakusketa onena daukagu".

Urtemuga ospatzeko jende piloa elkartu zen museoan; kanpotik etorritakoak ere baziren. 11:00etarako agortuta zeuden 12:00etan museotik Lasaorako ibilbidea egin zuen lurrun trenerako txartelak. Baina, hala ere, beste bi joan-etorri egin zituzten 13:00etan eta 17:00etan, Euzkadi (1912), Portugal (1913) eta Espinal (1887) lokomotoreek.

Bi erakusketa berri

Burnibidearekin zerikusia duten bi erakusketa berri ere ireki ziren: bata, jostailuena eta bestea, Lladro-k egindako eskulturarena. Jostailuen erakusketan ehun jostailu baino gehiago daude eta tartean Märklin etxe alemaniarrak 1920 eta 1936 urte bitartean egindako tren elektrikoen bilduma.

Valentziako Ribarroja herriko Burnibidearen Lagunak elkartekoekin batera egindako jardinetako lurrun tren txiki bat ere jarri zen martxan eta 10. urteurreuneko ekitaldietara joandako gaztetxoek han ibiltzeko aukera izan zuten.

Datua

1994ko urrian ireki zen Trenaren Euskal Museoa eta hamar urte hauetan 328.706 bisitari izan ditu. Aurten, urtarriletik irailaren 30a arte 32.500 pertsona pasatu dira museotik".