Xabier Borda: "Nik poesia hartu dut egunerokotik irteteko"

Urola-Kostako Hitza 2004ko urr. 7a, 18:10
Xabi Borda eta bere liburuaren azala (Susaren webgunetik)

Xabier Borda azpeitiarrak bihar, ostirala, bere lehen liburua aurkeztuko du

Xabier Bordak bihar aurkeztuko du Susa argitaletxeak argitaratuta Birika zatiak bere lehen liburua. Azpeitian, Kulturaldiaren barruan, urriaren 21ean, Sindikatu Zaharrean, 21:00etan, Aitor Bengoetxea Ondarruk lagunduta aurkeztuko du.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Betidanik izan dut irakurzaletasuna. Orain sei urte ingeniaritza ikasten hasi nintzen eta denbora libre gehiago nuen.

Poema laburrak bildu dituzu liburuan, baina landuak. Poema bakoitza bere horretan, asko landutako harribitxia dela dirudi...

Indibidualki egin ditut, gero ataletan banatu baditut ere. Ni gustura gelditu arte landu ditut. Berez, banaka hartzeko modukoak dira.

Azpeitiarra zara. Jose Luis Otamendiren eragina nabarmena dela esango banizu?

Asko estimatzen dut eta asko lagundu dit Otamendik. Nire irakasle izana da eta bere lana irakurri dut.

Beste eraginik? Esaterako, Jon Benitok aurkeztuko du zure liburua. Biak eskualdekoak zarete, biak gazteak...

Haren lana ere irakurri dut. Euskal Herrian azken urteetan egindako poesiaren eragina izan dezaket; inguruakoak dira gehienak. Sarri ere hor dago.

"Jarrai dezagun tiraka, milimetroka zerbait hurbiltzen ari da eta". Poesiak, milimetroka bada ere, zerbait hurbil al gaitzake?

Uf! Igoal, alferrik ari bagara ere intentzio hori badago. Liburuan esperantzarentzat leku gutxi dago, baina bukaeran itxaropen pixkat jarri dut.

"Erdu eta lagun nazazu birika zatiak biltzen". Arnasa hartzeko eta emateko beharra nabari da liburuan...

Justu arnasa hartzeko besteen beharra dago, lagunei eskua eskatzea... Liburua hortik dator, egunerokoak ito egiten nau eta nik poesia hartu dut hortik irteteko.

Beraz, esaten duzun horregatik "Birika Zatiak" izenburua?

Horixe, aurretik esandakoagatik. Gainera, liburu guztian dagoen kontzeptua da

Poematan etengabea da naturaren elementuen eta giza gorputzaren atalen arteko konparazioa. Naturaren handitasuna eta gizakion txikitasunaren arteko kontrastea...

Natura baino gehiago mundu materiala da; hori bilatutako jokoa da.

Literatuztan ere parte hartu duzu, eta han liburuko poema batzuk aurreratu dituzu.

Koadrilakoak hasi ziren Literatuzta literatur aldizkaria egiten, eta azken zenbakiak atera diren denboran liburuarekin ari nintzen; erakusbide Literatuzta erabili dut, interesgarria iruditzen zaidalako.