Juan Karlos Arruti 'Paterra': "Kartzelan egondako urteak ez ditut alferrik galdu"

uztarria 2004ko urr. 4a, 18:10
  • Uztarriaren urriko zenbakian Juan Karlos Arruti 'Paterra'euskal preso politikoari elkarrizketa egin zaio. 15 urte daramatza preso
  • "Herritarren elkartasuna" duela eta, animoz ongi dagoela dio

Badira hamabost urte Irunen Bentas auzoan Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarra atxilotu eta gero kartzelaratu zutenetik, ETAkoa izatea leporatuta. Kartzela asko pasatu ondoren, orain Cadizen (Espainia) Puerto Santa Marian —han ateratakoa da argazkia—. Uztarriak galdera batzuk pasatu zizkion idatziz, eta erantzun ditu.  

Jada 15 urte kartzelan. Ondo animoz?

Animo aldetik ondo nago, ez dago zertan desanimatu, preso politiko batek duen garrantzitsuena dut: herritarren elkartasuna.

Moduloan beste euskal preso batzuekin zaude. Lagungarri al da hori?

Zazpi preso politikorekin nago. Espetxe denetan ez dute gure zorterik, batzuk bakarrik daudelako, eta, gainera, isolamenduan.

Kartzelako bizia asko aldatu al da?

Sakabanaketa hasierako errepresio hura baretu zen, baina azkenaldian hainbat arlotan atzera egin dugu, eta horren adierazle da Madrilen sortu berri duten Zaintza Epaitegi Zentrala, presoen eskubideak zaintzeko baino gehiago Espetxeen Instituzioaren erabaki murriztaileak babesteko baitago.

Zein izan da unerik zailena edo gogorrena?

Unerik zailenak preso sozialek gure kolektiboaren aurka bultza ditzaketen egoerak dira; adibidez, martxoaren 11ren antzeko egoerak.

Nola bizi izan zenuen 11-M hura?

Tentsio izugarriaz; imagina ezazue patio txiki batean irrati bat ordu laurdenero hildakoen kopurua nola ari den handitzen erretransmititzen ari dela eta preso guztiak patioko txokoetan txutxumutxuka gu izan garela komentatzen. Uneren batean oldartuko zaizkizula uste duzu. Horrelakoetan sentitzen den inpotentzia izugarria da.

Zein izan da kartzelarik gogorrena?

Ez dakit kartzela onik den, gaitz onik ez den bezala. Hala ere, kartzela honetan, Puerton, zuzendaritzarekin hitzartutakoa neurri batean behintzat, betetzen dute, eta hori oso garrantzitsua da.

Hamar kartzelan izan zaituzte. Nola bizi izan duzu sakabanaketa?

Beste lagun askok bezala, hainbat espetxe ezagutu ditut Espainiako Estatuan; Caravanchel, Meco, Valdemoro Puerto I eta II, Badajoz, Murtzia, Herrera, Almeria eta Sevillan eduki naute. Frantziakoan, berriz: Paue, Tarbes eta Marseillan; Baionan ere bai. 1992an hilabetero aldatu ninduten espetxez, eta ez da erraza egoera horretara ohitzea, ez baitu ezer antolatzeko eta ezertan zentratzeko astirik ematen.

Zer da espetxean ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?

Espetxealdia ez dela bizitzako zati handi bat alferrik galtzea. Ez zait iruditzen 15 urte hauek alferrik galdu ditudanik. Etapa honetan borrokako beste fronte batean egotea tokatu zait, oso fronte berezia noski, baina alde horretatik nire bizitza beteta ikusten dut, ez dut hutsune nabarmenik sentitzen. Hala ere, pozik itzuluko naiz herrira, jakina.

Herritik 1.132 kilometrora zaude...

Baina azpeitiarren elkartasunak Euskal Herritik hurbil mantentzen nau. Baina 1.132 kilometrora daude handik honaino astero bisitan etortzen direnak. Meritu izugarria dute.

Azpeitiko berri izaten al duzu?

Herriko ia kontu guztien berri dut. Ia-ia larunbatero bisita izateko zorte izugarria dut. Gainera, Uztarria eta Azpeitian zer? aldizkariak irakurtzen ditut, eta hainbatekin eskutitz harremana ere badut.

Guztira 11 preso eta iheslari azpeitiar daude...

Asko. Horretara behartzen duen egoera lazgarria lehenbailehen amaituko ote da!

Senideek esan ohi dute beraiek animoak eman beharrean, zuek ematen dizkiezuela.

Beharbada, guztiz asumitutako egoera bizi dugulako izango da. Senideek, berriz, preso bat ikusten dute aurrean, horrek duen esanahiarekin eta sortzen dituen sentimenduekin.

Euskal preso politikoen kolektiboan egoteak zer aportatzen dizu? Zer onura ekartzen ditu?

Kolektiboa nortasun politikoaren bermea da, eta beharrezkoa dugun antolamendu politikoa eskaintzen digu espetxean. Gure artean eta etsaiaren aurrean elkartasuna ematen du.

Nola ikusten duzu zuk gaur egungo egoera politikoa?

Nahiko deskonfiantza sortzen duen une politikoa da. Alde batetik, badirudi abertzale guztiok bat gatozela gaur egungo marko politikoa agortutzat jotzean, baina, bestetik, gero esplikaezinak diren zailtasunak daude horri aurre egiteko adostasuna lortzeko. Zenbaiten hitzak eta ekintzak ez datoz bat.

Euskal presook zer parte izan beharko zenukete prozesu politikoan?

Foro eta eztabaida gune guztietan parte hartu beharko genuke, gure izaera politikoa aldarrikatuz eta horren inguruko ekarpenak eginez. Presoen izaera politikoa onartzea gatazkaren izaera politikoa onartzearen adinakoa da, eta urrats handia konponbidean.

Nondik etor liteke Euskal Herriko arazoaren konponbidea?

Soluzioaz hitz egitea ez da erraza, baina gehienek uste duten bezala, abertzaleen arteko behin betiko konpromisoa eta elkarlana beharko dira, baita estatuaren jarrera aldaketa ere noizbait.

Euskal presoen inguruan, herrian nahikoa egiten dela uste al duzu?

Ni oso harro nago azpeitiarren konpromiso mailarekin. Hemengo kideek askotan aipatzen didate herriko konpromiso maila, eta poztekoa da.

Lan hori herri mailan eta instituzioen aldetik egiten al da?

Herria da betiere konprometitzen dena, eta ez instituzioak, galtzeko asko dute-eta nonbait.