Beste industrialde bat egingo da Baiolegi baserriaren parean

Uztarria.eus 2004ko ira. 15a, 18:09

Lantegi txikiak jarri nahi dira pabilioietan

Ibaiaren berezko morfologia berreskuratzeko eta ertzetako landareria lehengoratzeko lanak ere egingo dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lasao bidean dagoen Baiolegi baserriaren parean industrialde bat egingo dela eman du jakitera. Erabakia Diputatuen Kontseiluak baserriaren parean dauden lurrei dagozkien Hiri Antolaketako Arauetako Elementuen Aldaketa behin betiko onartzean hartu da.

Koldo Azkoitia bozeramaileak adierazi duenez, Azpeitiko Udalaren helburua Urola ibaiaren eta Azpeititik Lasaorako GI-63117 errepidearen artean industriarako 33.565 m-ko lur eremu hiritargarri bat sortzea izan da.

Egun gasolindegia dago eta hau finkatzearekin batera, inguruan lantegi txikiak ipiniko dira. Onartu den Dokumentuak ibaitik eraikinetara 26 metroko tartea eta urbanizaiora 11 metroko tartea gorde behar direla omen dio, Gipuzkoako Foru Aldundiak esaten duenez. Eta horrez gain, ibaiaren berezko morfologia berreskuratzeko eta ertzetako landareria lehengoratzeko lanak egin beharko direla ere ba omen dio.

Aldundiko Garraio Zuzendaritzak, bere aldetik, kamioientzako aparkalekua egin ahal izatea eskatu du.