Institutuko obrengatik leku aldaketa

Urola-Kostako Hitza 2004ko ira. 9a, 12:09
Udal Euskaltegiarentzako San Miguel Patronatoan gela berriak egiten ari dira. Obrak bukatutakoan han izango du egoitza.
  • Udal Euskaltegia behin behinekoz Sindikatu Zaharrera pasako da
  • Patronatoko pilotaleku irekia zena izango da euskaltegiaren egoitza berria

Laster Azpeitiko institutuaren eraikina bota eta berria eraikitzeko lanak hasiko dira. Obrak egiteko ardura Obenasa kontratistari eman dio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio saileko Kontratazio Batzorde Nagusiak; 6,5 milioi euroko kontratua egin dute.

Institutuko eraikina bota behar dutela eta, han egoitza zutenak lekuz aldatu behar izan dute; hala nola, Urola ikastolako ikasleak 2004-2005ko ikasturtea Esklabetako eraikinean hasi dute eta Azpeitiko Udal Euskaltegia, datorren astelehenerako Sindikatu Zaharrera —hirugarren solairura— aldatuko da.

Udal Euskaltegiak Sindikatu Zaharrean izango du behin behineko egoitza, izan ere euskaltegiarentzako egoitza eta ikasgela berriak egiten ari baitira San Miguel Patronatoaren eraikinean: "Egoitza berria eratu bitartean, behin-behineko helbidea Sindikatu Zaharrean izango dugu, hirugarren solairuan. Hor hartuko dugu izena ematera edo argibideak eskatzera datorren guztia. Telefonoa, lehengo bera izango da, 943 811947", argitu dute euskaltegikoek.

San Miguel Patronatoko eraikineko pilotaleku irekia erabili da euskaltegiarentzako gela berriak eraikitzeko. Baina, aurten eraikuntzan izandako greba tarteko lanak atzeratu egin dira. Obrak egin bitartean euskara ikastaroak Sindikatu Zaharrean emango dituzte, eta azaroa ingururako Patronatoko gela berrietara pasatzea espero dute.