Miren Odriozola: "Guk egindako lana publikoa eta demokratikoa izan da"

Urola Kostako Hitza 2004ko ira. 1a, 13:09
  • Udalbiltza auzian azkena inputatutako kideetako bat da.
  • Gaur, Madrilen da, baina bihar deklaratuko du Garzonen aurrean.

Udalbiltzako auzian azkena inputatuko hamaika kideetako bat da Miren Odriozola. Atzo, gauean hartu zuen autobusa Madrilera joateko eta bihar deklaratuko du.

Udal hautetsien biltzarreko kide izateagatik talde armatuko kide izatea leporatzen dizue Garzonek.

"Talde terroristako kide izateagatik ustezko delitua" leporatzen digute. ETArik ez dute aipatzen. Orduan ez dakit Udalbiltza den talde terrorista edo zeinetaz ari diren. Baina, suposatzen da beti ETArekin nahasten gaituztela.

Akusazio larria beraz.

Noski, akusazio larria da. Akusazio horrekin, ehunka pertsona eraman dituzte: euskalgintzakoak, ikastoletakoak, komunikabidetakoak, Joxemi Zumalabekoak, gazte erakundetakoak, Batasunakoak... Udalbiltzaren kasua iazko apirilean ireki zuten, Udabiltzako kideak atxilotu zituztenean; orduan bazituzten gure izenak, baina gu ez gintuzten eraman. Orain bazirudien kasua ixtera zihoala, baina itxi ez, eta, Udalbiltzako bederatzi lagun, eta beste bi bestelako kontu batzuengatik kartzelan dituztenak deitu gaituzte deklaratzera. Ez dakit zergatik, ez orduan eta ez orain.

Deklaratzera deitu eta zein aukera daude.

Hiru aukera daude. Deklaratu eta etxera bueltan bidaltzea; deklaratu eta fidantza jarri eta etxera bidaltzea edota deklaratu eta denak edo batzuk kartzeleratzea. Abokatuak esaten zigun ez daukala logikarik orain kasua ixteko-eta kartzelara sartzea, baina haien logika ez dakigu zein den.

Herritarrek aukeratutako hautetsiak zaudete akusaziopean.

Hala da, eta inputazio larria egiten zaigu. Hautetsiak gara, herriak aukeratutakoak eta gure lana, udaletako lana eta Udalbiltza Euskaldunan sortu zenetik egin duguna izan da: euskaragatik, euskal kulturagatik, kirolagatik, euskal esparru ekonomiko bat izateagatik eta baita ere lan handia egin dugu, hemen irtenbide bideak topatzeko; hor dago Eztabaidagunea. Gatazka konpontzeko bideak bilatzea bultzatu dugu beti. Eta horregatik, terrorista deitzen digute. Gure lana publikoa izan da eta zer lan egin dugun ezaguna da, ez daukagu ezer izkutatzeko eta alde horretatik kontzientzia lasai dut. Haiek gustuko ez dituzten eraikuntza nazionalerako proiektuak errepresio bidez kartzeleratu edo beldurra sartzen saiatzen dira. Dena suntsitu nahi dute; Udalbiltzarekin egin duten bezala beste kate luze batekin egin dute. Edonork eskubidea du edozein proiektu politiko demokratikoki aurrera eramateko, eta eskubide horiek urratzen ari dira. Gure lana publikoa eta demokratikoa izan da, eta lan asko egin da gatazka soluzio bidean jartzeko pausoak bilatzen.

Herri gisa erantzuteko eskatu duzue.

Euskal Herriaren alde lana egiten duenaren kontrako erasoaren erantzunak zabala eta anitza izan behar du. Gure eskubideak guk defendatu behar ditugu herri bezala. Guk defendatzen ez baditugu, pikutara goaz. Erantzun horrek iraunkorra izan behar du; orainarte puntualak bakarrik eman baitira. Iraunkortu, eta gai izan beharko genuke herri bezala erantzuteko jezarpenei.

Babesik jaso al duzue?

Gaur [atzo] adierazpen bat irakurri da Bilbon eta gizarte eragileen aldetik, PP eta PSOE kenduta beste alderdi guztietatik, sindikatuetatik babesa jaso dugu. Jende askok deitu dit animoak emateko eta kontuak galdetzeko. Babesa jasotzen ari gara, baina babes handiagoa ere jaso daiteke.