Udaleko EAJko eta EAko taldeek kezka agertu dute Garzonek inputatutako hautetsien inguruan

Uztarria.com 2004ko abu. 31a, 20:08
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko Udal hautetsien Bilkuraren aurka irekitako sumarioaren inguruan EAJk eta EAk osatzen duten Udalbiltzak ateratako idatziarekin bat egin dute Azpeitiko Udaleko EAJko eta EAko taldeek.
  • Udalbiltzak "benetako kezka agertu du" Espainiako Estatuko botereen eskutik sortu den dinamikagatik.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko Udal Hautetsien Bilkuraren aurka irekita duen sumarioan, bihar eta etzi, hango zenbait kide eta haien artean Miren Odriozola (azpeitiarra, ostegunean deklaratuko du) deitu dituela eta, Azpeitiko Udaleko EAJ/PNV eta EA taldeek, alderdi horiek osatzen duten Udalbiltzak argitaratu duen komunikatuarekin, bat egitea erabaki dute.

Hona oso-osorik ateratako idatzia:

"Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko Udal Hautetsien Bilkuraren aurka irekita duen sumarioan, hurrengo egun hauetan bertako zenbait kide deklaratzera deitu dituenez, ETAko kide izatearen akusaziopean, UDALBILTZA-k, zera adierazi nahi du:

-Bere benetako kezka Estatuko botereen eskutik sortua den dinamikagatik. Inkisizio berria suertatzen ari den dinamika honen arabera, ez da gehiago ETAren ingururik. Orain dena da ETA.

Egiteko modu honetan errugabetasun presunziorik ez da aplikatzen. Euskal gizartearen arlo ugari, kultura zein politika eta giza zenbait ordezkari, erakunde, enpresa eta beraien zuzendari zein babesle beste inolako frogarik gabe arbuiatu, iraindu, boikoteatu eta azkenik kriminalizatu egiten dira. Komunabide zein enpresak interbenitu, beraien arduradunak auziperatu eta atxilotu.

Prozesu hauen ezaugarri dira ziurtasun juridiko eza, epaiketarik gabe urtetako epe luzeek sortzen duten defentsa gabezia eta behin betiko epairik eza. Prozesu hauetan demokrazi batek berezko dituen eskubide zein askatasunak urratu eta baliogabetu egiten dira, urraketa hauek jasaten dituzten pertsonengan sortzen diren kalteak konponezinak bihurtuz.

-Bere uste osoa, Euskal Herrian pakea eta elkarbizitza ez direla ez inposaketa, ez inkisizio, ez erantzun bortitzen eskutik etorriko. Ezta norberak defendatzen duen proiektu politikoaren lorpena ere. Hauek zalantzarik gabe modu eta bide demokratiko zein hiritarren borondatearen eskutik etorriko dira.

Euskal Herrian, 2004ko abuztuaren 31n".