Nuarbe txapeldun 600 kilokoan

Uztarria.eus 2004ko uzt. 19a, 12:07
  • Saioko tiraldi guztiak irabaziz indartsuenak direla erakutsi dute Altunaren mutilek

Laukizen jokatu da Euskal Herriko Lur gaineko Txapelketaren azken saioa 600 kilotan. Aurrekoetan erakutsitako nagusitasuna berretsi besterik ez dute egin asteburuan eta txapela Nuarbera ekarri dute.

Hasieran sei talde ziren parte hartzekoak baina Getxok ez jokatzea erabaki zuen, epaileen agindu batekin ez zegoelako ados. Horrela, bost talderen artean jokatu zen txapela.

Nuarbe zen faboritoa, aurrez jokatutako saioetan lortutako puntuekin txapela nahiko bideratua baitzuen. Eta iragarpena ondo bete zuen tiraldi guztiak irabazita. Bigarren postuan Areso eta Gaztedi A berdinduta geratu ziren, eta ondoren, Goiherri eta Gaztedi B.

Nuarbeko tiralariak honakoak izan ziren: Urtuzaga, Aurrekoetxea, Patxi eta Xebax Gurrutxaga, Urbieta, Etxezarreta, Bilbao eta Olaizola.

Aresok 560 kilokoa

Aipatu txapela ez zen asteburuan jokatu zen bakarra izan, 560 kilokoan ere jokatu baitzen. Espero zen bezala Gaztediren eta Aresoren arteko lehiak emozio handia izan zuen. Gaztedi, bi tiraldiak irabaziz, sailkapen nagusian Aresorekin berdinduta geratu zen eta txapela norentzat izango zen erabakitzeko kitarako saioa jokatu behar izan zuten. Nafarrak gailendu ziren eta eurentzat izan zen txapela. Hirugarren postuan Goiherri eta laugarrenean Gaztedi B sailkatu ziren.