Azpeitia Hiriko XII. Rallya jokatuko da

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 16a, 13:07
  • Proba irabazteko faborito nagusien artean daude Ion Agirre azpeitiarra eta Ramon Apalantza errezildarra
  • Bertara hurbilduko diren zaletuei segurtasun neurriak hartzeko eskatu dute antolatzaileek

Larunbat arratsaldean izango da Azpeitia Hiriko XII. Rallya, 16:00etatik aurrera. Atzo Sindikatu Zaharrean eman zuten prentsaurrekoan, probaren nondik norakoak azaldu zituzten antolatzaileek hara agertutako jenderen aurrean.

Larunbateko proba, Euskadiko rally txapelketarako baliagarria izango da eta 64 partaide izango ditu. Partaidetzari dagokionez, punta-puntako gidariak izango dira Azpeitian. Proba irabazteko lehian iazko irabazlea -Xabier Alustiza-, Ion Agirre azpeitiarra eta Ramon Apalantza errezildarra ageri dira. Ezin ahaztu, gainera, Joxe Labaka azpeitiarrak ere ezustekoa eman dezakeela, Azkoitia Hiriko II. rallyan egin zuen bezala.

Partaideen autoen egiaztapen administratiboak 10:00etatik 12:00etara egingo dira. Egiaztapen teknikoak, berriz, Azpeitiko epaitegiaren aurrean egingo dira 10:00ak eta 12:00ak bitartean. Bi tokietan, txapelketako arduradunek ibilgailuek segurtasun neurriak betetzen dituzten ala ez ziurtatuko dute.

Ibilbidean aldaketak

Larunbateko ibilbideak aldaketa nabarmena izango du aurreko urteetako ibilbidearekin: ibilgailuek egin beharreko tramoetako bat Mandubian egongo da. Probaren antolatzaileen hitzetan Madubiako 10,2 kilometrako tramoa "oso polita da. Igoerak eta beherako aldapak tartekatzen ditu. Zaleek gustokoa izango dutelakoan gaude". Beste zatia Aizarnan dago. 10,8 kilometro izango ditu. Lehen zatia Mandubiakoa izango da, eta lehen partaideak 16:33an irtengo duela iragarrita dago. Azkena, berriz, 22:13an irtengo da. Aizarnako zatiari dagokionez, lehen ibilgailua 17:45ean irtengo da eta azkena, 23:25ean. Probaren irabazlearen izena 01:00 alderako jakingo dela aurreikusi dute antolatzaileek.

Hauek, halaber, "rallya ikustera hurbiltzen diren milaka zaletuei, segurtasun neurriak hartu ditzaten eskatzen diegu" esan dute: "Errepidea baino goragoko tokietan egotea edota antolatzaileek aurrez zinta gorriz markatutako tokietan ez egotea" eskatu dute. Era berean, hurrengo egunetan ibilbidearen inguruak garbituko dituztela iragarri zuten "bi tokien garbitasuna mantentzeko".