Morboa duen pilota partida gaur Urrestillan

Urola-Kostako Hitza 2004ko eka. 25a, 15:06
  • Irujo eta Xala ikusteko sarrera guztiak saldu dira dagoeneko
  • ETB1en zuzenean botako dute

Dagoeneko sarrerarik eskuratu ez duenak telebistaz, ETB1ean, ikusi beharko ditu gaur gauean, 22:30ean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan izango diren pilota partidak. Joan den ostiralerako partidak eserita ikusteko 250 sarrerak salduta zeuden Urrestillan, herenegun Ana Mari tabernan partida pilotalekuko goiko pisutik zutik ikusteko sarrerak bakarrik zeuden, baina horiek ere agortu dira.

Pilotari handiak jokatuko dute Urrestillan: Martinez de Irujo txapelduna eta Xala txapelunordea elkarren aurka arituko dira, binakakoan, Pascualekin eta Fernando Goñirekin batera. Finala geroztik bi pilotariek ez dute jokatu elkarren aurka eta gaur aurrez aurre ikusteko aukera izango da.

"Partida atraktiboa izango da, modako pilotariak dira eta jendeari morboa eragiten diote era horretako partidek. Nik uste dut espektakulua egongo dela", iritzi dio Kepa Peñagarikano pilotariak. Andoainen du partida Peñagarikanok, eta ez du Urrestillara joateko aukerarik izango, baina telebistaz grabatuko du. Partidan izango dena, Iban Otaegi Beixama Garfeko pilotaria da, izan ere, lehen partida jokatuko baitu Joxe Mari Zezeagarekin bikotea osatuz Baleztena eta Martinez Eulateren aurka. "Polita da horrelako partida baten aurretik jokatzea, polita izango da partida eta niretzat herri ondoan jokatzea, bertatik bertara, ederra da", dio Otaegik. Asteburu gogor bateko partida izango da gaurkoa Otaegirentzat, egunero-egunero partidaren bat baitu; atzo Seguran, gaur Urrestillan, bihar Hernanin, igandean Errioxan eta astelehenean ere Errioxan.

Jendea erakartzeko partida

Ilunpe Pilota Elkarteko Jesus Ruiz de Argandoña Keuttinentzat gaur Urrestillan jokatuko den partida jendea erakartzeko modukoa da. "Partida ona jarri dute Urrestillan, interesantea eta polita. San Inazio festetan antolatzeko modukoa da gaurko partida. Jendea erakartzeko modukoa da, Irujok jendea erakarriko baitu, baina Otaegik ere jokatzen du eta honek herriko jendea eramango du". Hala ere, Keuttinen ustez, hemendik aurrera, udan, herrietako jaietan eta antolatuko diren partidetan gaurkoaren antzeko partidak ikusteko aukera izango da: "Hemendik aurrera eta uda bukatu bitartean esku pilota partida asko jokatzen baitira".

Peñagarikano eta Otaegi pilotariak ere bat datoz Keuttinekin, hauen agenda ere potoltzen hasia baita.

Pilotaleku ona

Pilotazaleak eta pilotariak bat datozen beste kontu bat gaurko partidako eskenatokiak dituen ezaugarrien inguruan da: Urrestillako Txikuri pilotalekua paregabea da esku pilotan jokatzeko. "Frontoi oso ona da, aukeran gradak ditu txiki samarrak eta jende gutxi sartzen da, partidak izaten direnean, goi eta behe, dena betetzen da.

Dena den, 500 sarrera inguru izango ditu eta ez da txarra", da Peñagarikanoren iritzia. "Aukeran jende gutxi sartzen da; gaur gehienak urrestildarrak izango dira, han salduko ziren sarrera gehien eta giroa izango da", dio Otaegik. Keuttinentzat ere frontoi ona da Urrestilgoa, ez du inolako zalantzarik horretan.