Euskararen aldeko konpromisoa hartu dutenak gehituz doaz

Urola-Kostako Hitza 2004ko eka. 24a, 12:06
  • Euskararekiko konpromisoa hartu dute herriko 47 eragilek; jada, herriko 44k dute Bai Euskarari Ziurtagiria
  • Ekimena bultzatzen diharduten hiru taldeen (Udala, Kontseilua eta Uztarria Kultur Koordinadora) ordezkariak bertan izan ziren

Herrian gero eta eragile gehiago animatzen ari da euskararekiko konpromisoa hartzen, herrian euskaraz bizitzeko modua ahalbidetuz.

Herenegun 47 eragilek euskararen aldeko konpromisoa hartu zuten, udaletxean (dendek, banketxeek, sindikatuek, tabernek, elkarteek eta abarrek) . Bai Euskarari Ziurtagiria (BEZ) eta Udalak emandako Hemen Bezeroarekin Euskaraz (HEBE) diploma jaso zituzten: 16 eragilek BEZ eta HEBE jaso zituzten, 17k BEZ jaso zuten, eta 14 HEBE. Haien artean, 9 eragilek jaso zuten Bai Euskarari Ziurtagiria lehen aldiz, eta dagoeneko Azpeitian 44 eragilek daukate. Ziurtagiriaren prozesua martxan jarri zenean herriko 24 eragilek jaso zuten, eta nazio mailan ziurtagiria duten 11 eragilek egiten dute lan herrian.

Banaketa ekitaldian agurra Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak (EAJ) egin zuen. Ondoren, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak (EAJ) hartu zuen hitza, orain arte Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN) egin duen ibilbidea gogoratuz: "Azpeitian EBPN martxan jarri eta, nolabait, Udalaren eta euskalgintzako eragileen arteko elkarlana egikaritu eta txertatzen ahalegindu gara. Gure helburua bide horretatik jarraitzea da". Udalaren helburua euskararen erabilera "hobea" lortzea dela azpimarratu zuen eta horretarako eragileen "konpromisoa" eta plangintza aurrera eramaten ari direnen "laguntza teknikoa" ezinbestekoak direla nabarmendu zuen alkateak.

Eragileek emandako pausoa "zoriondu" egin zuen Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. "Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiak Euskal Herrian ugaltzen ari dira eta euskarak gizartean behar duen lekua hartzeko horrelako ekitaldiak beharrezkoak dira", zioen. "Euskarak presentzia leku guztietan behar du eta hori lortzeko lana egin behar dugu, horrela euskaraz bizitzeko aukera izango baitugu". Azpeitia herri euskalduna bada ere, "egiteko asko" dagoela esan zuen. "Oraindik hutsuneak baditugu eta erabat euskaldundu arte gure jarduna ezinbestekoa da; pausoak eman behar ditugu, euskara behar den lekura eraman arte".

"Kaletik, lanean euskaraz egitera pasatu behar dugula", esan zuen Uztarria Kultur Koordinadorako lehendakari Laxaro Azkunek (Uztarria, Udalarekin ari da gidatzen Azpeitiko prozesua). "Zuekin eragileekin kutsatuta ea gehiago etortzen diren".