Hirugarren aldiz, Herriarteko finalean izango da Azpeitia

Urola-Kostako Hitza 2004ko eka. 21a, 15:06
Bikote irabazlea
  • Beasainen aurka partida bakarra irabaztearekin nahikoa izan du
  • Datorren igandean da finala Donostiako Atano pilotalekuan

Azpeitiak lortu du Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalerako pasea; hirugarren aldia du. Zapatuan, itzuliko final erdia jokatu zuen Besainen aurka Antzizar pilotalekuan. Partida bakarra irabaztea nahikoa zuen Azpeitiak finalerako pasatzeko; kostata baina lehenengo partidan lortu zuen.

Lehen partida irabazteko asmoarekin joan ziren azpeitiarrak Beasainera. Lehen partidan, kadeteetan, titularrak jokatzekotan eta beste biak jokatzera ordezko pilotariak joan ziren Ilunpe Pilota Elkartetik. "Partida bakarra irabaztea nahikoa dugu, eta titularrak dagoeneko eskuak nekatuta dituzte, horregatik ordezko pilotariei emango diegu jokatzeko aukera", zioten Ilunpe Pilota Elkartekoek.

16:30ean hasi zen kadeteen partida, Mikel Yeregi eta Oinatz Elustondo ziren Azpeitiko pilotariak. Partida luzea eta "gogorra" izan zen. Hala ere, 20-22 irabazi zuten azpeitiarrek, 16-19 ibili ziren, eta 20-20 ere bai. Merezitako garaipena izan zuten ordea: "Pilotari berriak izan dira Beasaingoak eta uste baino partida zailagoa izan da. Atzelaria, aurrekoan baino hobea zen", zioten pilotariek.

Finalerako pasea lortu ondoren Ilunpekoak ere lasaiago ziren; partida osoan pasatako urduritasuna alde batera utzita. Benantxio Karrera botileroa pozik zen kadeteek jokatutako partidarekin: "Partida ona izan da, on asko egin da eta ordubete iraun du. Hala ere, guk uste baino zailagoa izan da irabaztea".

Irabazi eta Beasainen aurka jokatzeko gelditzen ziren beste bi partidetarako lasai gelditu ziren azpeitiarrak. "Beste bi partidetan, 22-0 galduz gero ere berdin zaigu, orain lasai gaude finala jokatuko dugulako", zioen Karrerak.

Finala, datorren igandean jokatuko dute azpeitiarrek Donostian, Atano pilotalekuan. Hirugarrenez heldu da Azpeitia finalera, eta aurrekoetan Azkoitiaren aurka jokatu eta galdu izan du.