Koldo Olaizola: "Patronalak ez du negoziatzeko gogorik erakutsi"

Uztarria.eus 2004ko eka. 21a, 13:06
  • Hilabete eta erdi lanuztean egon ondoren LAB sindikatuak egiten duen balorazioa "positiboa" da
  • Langileen jarrera eta parte hartzea eskertu du

Astebete igaro da eraikuntzako langileek lanuztea utzi zutenetik. 37 egun iraun zuten egoera horretan eta azkenean, datozen 3 urtetarako akordio batetara iristea lortu zuten ADEGI patronalarekin. Koldo Olaizola LAB sindikatuko delegatuak Uztarriari guztiaren balorazioa egin dio.

Olaizolak balorazioa positiboa dela dio eta lortutakoarekin gustura azaldu da. Hala ere, patronalak hasieratik erakutsi duen jarrera azpimarratu du: "patronalak ez du negoziatzeko gogorik erakutsi. Hitzarmen kolektiborik gabe geratzeko arriskua zegoen, baina azkenean mantentzea lortu dugu. Nahasteko lana egin dute".

Aldiz, langileek erakutsitako jarrera "eskertzekoa" izan dela azaldu du. LAB sindikatuaren ardurapean zeuden Azkoitia eta Zarautz herrietan inoiz baino partaidetza handiagoa izan dela esan du Olaizolak.

Lortutakoarekin gustura agertu eta bukatutzat eman bada ere, langileei mezu bat bidali nahi izan die Olaizolak: "langileei LAB hor egongo dela esan eta orain hasten dela benetako hartu emana esan nahi diegu, behar den lanetarako".

Lortutako akordioa

Hona hemen lortutako hitzarmenaren oinarrizko akordioa, puntuz puntu:

  • Iraupena: 3 urte
  • Soldatak: KPI + 1,55 puntu indarrean iraungo duen urte bakoitzeko. 2004. urtean %4,15.
  • Geroa: 2005eko urtarrilaren bataz geroztik enpresarien ekarpena %0,20 handiagoa izango da, eta 2006ko urtarrilaren bataz geroztik, beste %0,20 handiago.
  • Lanaldia: Urteko lanaldia urte bakoitzeko 6 orduz murriztuko da.
  • Egutegia: Urte bakoitzeko urtarrilaren 31rako enpresek egingo dituzte lan egutegiak. Era berean, Hitzarmenaren Batzorde Iraunkorrak egutegi eredua egingo du. Egutegi hau ez duten enpresentzako erreferentzia izango da. Bertan lanaldia, jai egunak eta oporrak azalduko dira. 2005ean enpresa guztiei lagungarri izango zaie; 2006an derrigorrezkoa.
  • Aldi baterako ezintasuna: Hitzarmenean xedapen iragankorra sartuko da. Honakoa esan du: "Negoziazio mahai iraunkorrak, 2004ko abenduaren 31 baino lehen zehaztuko du sektoreko langileei Aldi Baterako Ezintasun kontzeptuan ezarriko zaien kasuistika eta portzentajeak.

Akordiorik lortuko ez balitz, bi alderdiek PRECO-k egindako bitartekotza proposamenari egingo diote men.

Aldi batez, gaixotasun arrunteko ezintasun iragankor gisa ordainduko dira 1997-1998. urteetako hitzarmenaren 35. artikuluaren lehen paragrafoan jasotako portzentajeak. Kopuruok indarrean iraungo dute alderdien artean akordioa lortu arte, edo bestela, PRESCO-k eginiko bitartekotza proposamena onartu arte.

  • Dieta erdiak: Sinatze egunaz geroztik 9 euro; 2005ean 9,60 euro eta 2006an 10,30 euro. Enpresek obretatik hurbil dauden jatetxeekin bazkari zerbitzua kontrata dezakete, beti ere, langileen ordezkaritzarekin edo gehiengoarekin bat etorriz.
  • Kilometrajea: Obrako finko eta obran plantilako finko direnek joan-etorriko gastuetan berdin kobratuko dute.
  • Aseguru-poliza: Norbait hilko balitz ezintasun absolutu iraunkorra edota erabateko ezintasun iraunkorra gertatuko balitz, 100.000 eurotakoa izango da ordaindu beharreko kalte-ordaina. Berezko heriotza edota lanekoa ez den istripuak eraginda hiltzeagatik berriz, 2000 eurotakoa.

Kapital hauek 2005eko urtarrilaren bataz geroztik bermatuko dira.

  • Azpikontratazioaren ardura: Hitzarmen kolektiboaren 8. artikuluaren baitan enpresa nagusien erantzunkizun subsidarioa hartzen da azpikontratatutako enpresen aurreabisu ezari dagokionez.
  • Lizentzia orduak. (Izatezko bikoteak): Izatezko bikoteei, hauen sexua edozein dela ere, eta beti ere elkarbizitza bizikidetza agiriaren eta izatezko bikoteen erregistroaren bidez egiaztatuko balitz, artikulu honetan ezkonduei dagozkien eskubide berdinak egokituko zaizkie. Dena den, b, d, e eta g ataletan bikote-lagunaz zein bizikidearen seme-alabez eta gurasoez ari da soilik. Lizentziak ez ditu hartuko bizikidearen anai-arreba, bilobak eta aiton-amonak.
  • Errelebu kontratoa: Akordioa hau sinatu duten alderdiek eraikuntza sektoreko enpresetan bultzatuko dute 60 urte bete duten eta errelebu kontratua har dezaketen langileen erretiro partziala. Beti ere, gaia arautzen duten lege-araudiekin bat etorriz.
  • Osasunaren zintza: Lanordutan egingo dira derrigorrezko azterketa medikoak.
  • Euskalduntzea: Hainbat urterako hizkuntza normalizazioko plana garatzeko batzordea eratuko da sektorean.
  • Lanbide kategoriak: Batzorde parekide bat sortuko da lanbide kategoriak aztertzeko eta hauek hitzarmenari egoki dakizkion.
  • Kargu-uzteagatiko hobaria: Bertan behera geratzen da hitzarmenaren 31. artikuluak kargu-uzteagatiko hobariez dioena.
  • Langile etorkinak: Hitzarmenean jasoko da gainontzeko langileekiko soldata eta eskubide berdintasuna.