Xala eta Irujo Urrestillan

Uztarria.eus 2004ko eka. 17a, 14:06
  • Bi pilotariak aurrez aurre izango dira Sanjuan festetan iragarritako pilota partidetan; oraingoan atzelariekin
  • Beste partidan Otaegi eta Zezeagak Baleztena eta Martinez de Eulate izango dituzte aurkari

Buruz buruko txapelketako final handian izan diren Yves Salaberri "Xala" eta Juan Martinez de Irujo pilotariak Urrestillan izango dira aurrez aurre. Ezin ederragoa atera zaie aurten antolatzaileei partida eta Sanjuan festak ikuskizun bikainarekin ospatzeko aukera izango dute.

Aspalditik zituzten bi pilotarien parte hartzea loturik eta bai asmatu ere. Biak izan dira onenak buruz burukoan. Beldur pixkat bazuten ordea, finalera iristeak eta Xalak izan dituen arazoek aldaketak ekarriko ote zituen. Baina antolatzaileek bi pilotariak bertan izango direla baieztatu dute. Oraingoan ordea atzelari eta guzti; Pascual eta Fernando Goñi izango dituzte lagun.

Beste partidan Iban Otaegi azpeitiarra eta Joxe Mari Zezeagak Baleztena eta Martinez de Eulateren aurka jokatuko dute.

Partidak lehenego aldiz ETB-k zuzenean botako ditu telebistaz. Ostiralean gaueko hamar eta erdietatik aurrera hasiko dira.