Uztarriak 1.000 bazkide baietz!

Uztarria.eus 2004ko eka. 15a, 13:06
  • "Erronka da kopuru horretara iristea, baina beharra daukagu"
  • Urte hasieran 800 bazkide lortzea zuen helburu; orain 853 bazkide ditu, eta kanpaina hasi du harpidedunen artean

Uztarria oso gustura dago bazkide kopuruarekin (853), baina ez da horrekin konformatzen, eta aurten 1.000 bazkide izateko helburua jarri du orain (urte hasieran 800ekoa jarri zuen). Hori dela eta, kanpaina hasi du.

Bi figura

Zein dira bazkideak? Uztarriaren proiektuarekin bat egin eta ekarpen ekonomikoa egiten dutenak. Urtean, 24 euro. Bazkideek, harpidedunen aldean, abantailak dituzte: Uztarria herri aldizkaria jasoko dute, Imanol Elias eta Joxe Takolo biografiak, Azpeitiko efemerideak, erdi prezioan (nahi badu), Mendi gida. erdi prezioan (nahi badu), Literatuzta eta Urola-Kostako Hitza.

Zein dira harpidedunak? Beraien borondatez, sosik ematen ez diotenak Uztarriari, baina aldizkaria jasotzen dutenak (Uztarriak aukera hori ematen dielako, helburu batzuengatik: tirada, euskararen normalizazioa...). Harpidedun bakoitza Uztarriari urtean 15 euro kostatzen zaio.

Kopuruak

Bazkideak. 853.

Harpidedunak. 1.461 (horietako 300 oraintxe egin dira, Hitza-ren sorrerarekin).

Kanpaina

Telefonoz. Uztarria, Hitzeko enpresaren bitartez, harpidedunei telefono deiak egiten hasi da, hauei proiektua ahal den ondoen azaldu (helburuak, ekarpen ekonomikoaren garrantzia, abantailak...) eta bazkide egin daitezen eskatuz. San Inazioak bitartean egingo da kanpaina.

Diptikoa. Uztarriak harpidedunei diptikoa ere banatu die: bazkideek harpidedunak bazkide egin daitezen idatzitako arrazoiekin eta animoekin...

"Aurten 1.000 bazkidera iristeko erronka jarri dugu, baina beharra daukagu", dio Uztarriak. Zergatik? "Komunikabideetan produktu berriak sortzeko, gaur egungo produktuak hobetzen joateko eta sendotzeko, euskara eta kultura ekimenak antolatzeko...".

Uztarriak 2004. urterako 92.000 euroko aurrekontua dauka.