Gipuzkoako herri arteko pilota txapelketako final erdiak Azpeitian

Uztarria.eus 2004ko eka. 11a, 13:06
  • Azpeitiarrek beasaindarren aurka jokatu dute, 22:00etatik aurrera.
  • Izarraitzen erremonte txapelketako beste bi partida egongo dira; final erdietara sailkatzeko erabakiorrak

Gipuzkoako herri arteko final erdietara iritsi dira Ilunpe Pilota elkarteko azpeitiarrak. Gaur, ostirala, jokatuko dute Frontoi Txikin Beasainen aurka.

Final laurdenetan Anoeta atzean utzi eta final handia gertuago sentitzeko aukera eskuratu zuten Azpeitiko pelotariek joan den astean. 22:00etatik aurrera duten guztia ematen saiatuko dira datorren astean Beasainen jokatuko den itzuliko partidan lasaitasuna emango dien errenta lortzeko.

Bigarren aldiz jarraian jokatuko dituzte final erdiak azpeitiarrek. Lehengo urtean Azkoitiarrak izan zituzten aurkari eta galdu egin zuten. Aipatu Azkoitiarrek jokatuko dutela beste final erdia hernaniarren aurka.

Valverderen omenezko txapelketa

Urtero bezala, Valverderen omenezko txapelketa jokatzen hasiko dira gaurko egunez ere. Hauek 18:30etik aurrera izango dira leku berean, Frontoi Txikian alegia. Infantil mailakoek hasiko dute: Markel eta Mendia bikotea irulegi eta Agirrezabal bikotearen aurka izango da lehen partida. Ondoren Otamendi-Otaegi eta Murgiondo-Apalantzaren arteko partida joaktuko da.

Bihar 9:30etik aurrera hainbat partida egongo dira: Aramendi Azpitarteren aurka lehena; ondoren Izurieta Arangurenen aurka; gero Iparragirre Bastidaren aurka; Arteaga Azpitarteren aurka...

Benjamin mailakoek emango diete amaiera biharko partidei. 11:00etan jokatuko dira: Odriozola eta Cantero Albizuri eta Beobideren aurka; Eizmendi eta Olano Alzibar eta Ansoalderen aurka eta azkenik Aldalur eta Zubizarreta Aizpuru eta Aldalur II.naren aurka. Finalak Santiago egunean jokatuko dira.

Erremonte txapelketa

  1. Erremonte txapelketan gaur erabakiko dira zein bikotek jokatu dituzten final erdiak. 22:00etatik aurrea Matxin III eta Olazarrek Sarasua eta Astibia izango dituzte aurkari. Ondoren, Iribarren eta Gaztelu Matxin IV. eta Badiola partida egongo da.