'Gure Inguruari Begirada Bat' argazki lehiaketa abian da

Uztarria.eus 2004ko eka. 3a, 18:06

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek elkarlanean osatu zuten Agenda 21 prozesuaren harira, hirugarren urtez jarraian Gure Inguruneari Begirada Bat argazki lehiaketa antolatu dute, Uztarriak El Diario Vasco-ren bidez jakin duenez. Lanak urriaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira Azkoitia edo Azpeitiako udaletxeetan.

Ingurumenarekin lotura duen edozer gai landu beharko da, garraioak, ura, industria edo zarata, esaterako. Naturari kalte egiten dioten edo laguntzen dioten ekimenen argazkiak izan daitezke. Landu daitekeen beste gaia urtaroena da. Lau urtaroei buruzko argazkiak aurkeztu ahal izango dira. Lehiaketaren azken helburua 2005eko egutegia sortzea da eta argazkiak egutegi horretarako izango dira.

Baldintzak

Argazkiak Azpeitia eta Azkoitia herrietako inguruneetan ateratakoak izan beharko dute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez 10 lan aurkeztu ditzake, diapositiba formatuan eta 35 mm-ko koloreetan.

Sariak

Urtero bezala, 12 sari banatuko dira. Horietatik hamar 125 eurotako sariak izango dira eta beste biak, argazki onenari sariak, 200 eurokoak: bata naturaren ikuspegi positiboa adierazten duenari eta bestea naturaren ikuspegi negatiboari.

Irabazleak urriaren 16an emango dira jakitera eta sariak Azkoitiko San Andresetan banatuko dira.