Uztarriak autobusa antolatu du Kontseiluak deituriko manifestaziora joateko

Uztarria.eus 2004ko mai. 31a, 20:05
Kontseilua.
  • Larunbatekoa euskararen aldeko manifestazioa izango da; Iruñean egingo da
  • Zestoako eta Azkoitiko euskalgintzarekin batera antolatu du autobusa

Uztarriak, autobusa antolatu du larunbatean (ekainak 5) Kontseiluak Iruñean antolatutako manifestaziora joateko; manifestazio hau Hizkuntz Eskubideak! Denon Konpromisoa lemapean egingo da eta 17:30ean hasiko da Iruñeko Golem zinemaretoetan. Uztarriak, Zestoako eta Azkoitiko euskalgintzarekin batera antolatu du autobusa; autobusak 15:10ean irtengo da Azpeititik, Etxe Zuri aurretik, eta Zuhatz tabernan, Orkatz tabernan edo Uztarrian bertan eman daiteke autobuserako izena.

Jakina denez, Kontseiluak Hizkuntz Eskubideak! Denon Konpromisoa ekimena jarri du abian, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, faktore batzuek euskararen normalizazioa moteltzen ari dela adierazten dutelako eta, bestetik, euskararen gizarte erakundeek jazarpen larria pairatu dutelako.

Horrela, hiru arlotan lan egingo du konpromisoen bila: alderdi politikoen eta sindikatuen, enpresen eta entitateen, herritarren arloetan.

Lehenengoari dagokionez, Kontseilua Akordio Sozio-politikoa lantzen ari da, sindikatu eta alderdi politikoekin. Akordio Sozio-politikoan euskararen normalizazioa bizkortzeko neurriak eta euskararen gizarte erakundeak jazarpenetik babestekoak jasoko dira. Akordio hau alderdien eta sindikatuen zuzendaritzekin adosten ari da Kontseilua.

Enpresek, saltokiek eta entitateek euskararen normalizazioaren aldeko neurriak har ditzaten, Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria sortu eta sustatzen du. Egun, herrietako gizarte eragile hauei gonbita egiten zaie konpromisoak hartzeko, Bai Euskarari Ziurtagiria lortuz. Halaber, Kontseiluak sindikatuekin batera dinamika abian jarriko du enpresek Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko.

Herritarrei ere hizkuntz normalizazioarekiko eta hizkuntz eskubideekiko konpromisoa eskatuko die Kontseiluak herriz herri. Konpromisoak publikoak izango dira eta gero jarraipena egingo zaie, konpromiso horiek betetzeko garaian izaniko zailtasunak aztertu eta gainditze bidean jartzeko.