Asteburu erabakigarria Ikasberriko lehen futbol taldearentzat

Uztarria.eus 2004ko mai. 4a, 19:05
  • Aste honetako partida irabazten badute, lehen erregional mailara igoko dira
  • Kadete mailakoek aurrera egin dute Kopako final zortzirenetan

Joan den asteburuko atsedenaldiaren ondoren, partida gogorra datorkie azpeitiarrei. Denboraldiko azken partida dute, eta egin duten denboraldi bikainari amaiera ederra emateko aukera ere bai. Izan ere, mailaz igoko diren edo ez erabakiko da bertan.

Ez dute erraza izango, ordea, aurrean, dagoeneko igoera eskuratua duen Euskalduna liderra izango dute eta. Irabazi beharra dute igoera emango dien bigarren postuari eutsi nahi badie.

Jubenilak eta kadeteak

Jubenilak ere lehenengo mailara igotzeko partidak jokatzen ari dira. Lehenengo hiru sailkatuak igotzen direla kontuan izanda, saiatu beharko dira ahalegin horretan. Izan ere, hirugarren postuan daude baina laugarrena hiru puntura dute atzetik.

Igaro den aste bukaeran, hain zuzen ere, bi taldeek, Ikasberrik eta laugarren postuan doazen Urnietak, elkarren aurka jokatu dute eta banako berdinketaz amaitu zen. Beraz, azpeitiarrek hiru puntuko errentari eusten jarraitu beharko dute.

Kadeteek kopan final zortzirenetatik aurrera egitea lortu dute, Behobia taldeari erraz gailenduta. 8 eta 2-ko emaitzaz amaitu zuten partida.