Jokin Uranga: "Bertso ibilbideko unerik gozoenean nago"

Uztarria.eus 2004ko api. 29a, 19:04
Uranga, I. Erniarraitz Txapelketaren une batean
  • Berria-n egin zioten elkarrizketa bertsolari gazteari
  • Bertsolaritza "osasuntsu" ikusten du, lan ona ari direlako egiten

Jokin Uranga bertsolari azpeitiar gazteak Zaharrak berri tour ikuskizunaz eta bere bertsolaritzako ibilbideaz hitz egin zuen, Berriak egunkarian egin zion elkarrizketan.

Zaharrak berri tour ekimenaz galdetzean, "bada jende bat bertso saioa ikustera aretora sekula joango ez dena. Horiei bertsolaritza hurbiltzea dugu helburu. Jendea bertsozale bilakatzeko modua da" erantzun zuen, Erniarraitz txapelketako txapeldunak.

Ikuskizuna hiru gazteren artean dute prestatua, Xabier Silveira, Fredi Paia eta Uranga bera. Bata nafarra, bestea bizkaitarra eta azkena gipuzkoarra. "Ibarran hiruroi batera tokatu zitzaigun kantatzea, eta han hasi ginen istorio honen inguruan hitz egiten" dio azpeitiarrak. "Naturala eta goxoa" bezala definitzen du hiruren arteko harremana.

Bere ibilbidearen unerik gozoenean dagoela adierazten du, "ikuskizun honekin plaza dezente eginez eta bertsotan gozatuz". Honez gain, bertsolaritzaren etorkizunaz itxaropentsu agertzen da eta lanean ongi ari direla dio. "Bertsolaritza osasuntsu dago. Etorkizun ona duela iruditzen zait, baina ziurtatuta ote dagoen ezin da esan, egiten dugun lanaren araberakoa izango da hori. Kantitatea badago, orain kalitatean asmatu behar dugu. Baina uste dut ongi ari garela" esanaz amaitzen du elkarrizketa.