Lolo Encinas: "Lauko Finala jokatuz gero gora egiteko gai gara"

Urola-Kostako Hitza 2004ko api. 16a, 20:04
Lolo Encinas, Iraurgi Saskibaloi taldeko entrenatzailea
  • Encinas entrenatzailea Iraurgiren orainaz eta geroaz aritu da, Lehen Mailako denboraldia bukatzear dela

Lolo Encinas donostiarrak, lehen denboraldia egin du entrenatzaile lanetan Iraurgi saskibaloi taldeko lehen mailako Jostaldi Kirolak taldean. Denboraldia amaitzeko bi partida falta direla, orainartekoaz eta datorrenaz aritu zaigu.

Orainarte nolako denboraldia izan da Iraurgirentzat?

Nahiko ona. Talde ona geneukan abendura arte, baina gero hiru jokalari joan egin zitzaizkigun; jende garrantzitsua zen. Ondorioz taldeak pixkat behera egin zuen; baina, fitxaketa berriak ere egin ditugu: donostiar bat eta Iker Lizarriturri iaz ere Iraurgin jokatu zuen zarauztarra. Herriko jokalariek ere oso lan ona egin dute.

Eta datorren denboraldira begira, zer aurreratuko zenuke?

Lehendakariak dioena. Ikusi beharko da bukaerako fasera nola heltzen garen, Lauko Finala jokatuz gero gora egiteko gai gara. Bestela, Lehen Mailan jarraitu, antzeko taldea egin eta ea non gelditzen garen.

EBA Ligara pasatzeko aukerarik ba al daukazue?

Hiru aste hauetan ikusiko da. Larunbatean, Iruñean Cafes Aitonari irabazteko kapaz baldin bagara. Donostiako taldea edo gu sartuko gara EBA Ligan. Ikusteko dago. Gero, bestelako kontuak daude hor, diru kontuak, Foru Aldundiak laguntzen duen, Udala… Egia esateko, ez dugu hitz egin.

Iraurgirentzat EBA ligara igotzeak zer suposatuko luke?

Batez ere dirua; nahiko diru kostatzen den liga da. Herriarentzat ona izango litzateke, maila oneko liga baita; Gipuzkoan saskibaloian goian egongo ginateke Atletico San Sebastianekin batera. Ez dugu planteatu ere egin; zuzendaritza gaur egun gehiago dago, jendea saskibaloiko kanpora ekartzeko. Gaztetxoen talde piloa dago, 125-30 haur dabiltza saskibaloian.

Denboraldian jokalarien joan-etorria izan da taldean. Horrek eragingo zuen.

Neu holakoetara ez nengoen ohituta. Oraintxe hiru jokalari joaten direla, gero beste bi datozela… Erreleboetan lan egiten duen jendea dago taldean, eta desberdina da. Baina herriko jokalariak, edota urte guztian taldean dabiltzanak, 7-8 jokalari fijoek, nahiko ondo erantzun dute, eta pozik gaude.

Taldearen gauza onak.

Taldekideen arteko giro ona. Batzuek urteak daramazkite elkarrekin jokatzen eta kanpotik etorri garenak, neu edota beste jokalariak oso ondo hartu gaituzte. Jokalarien arteko giro onak taldea goian egotea eragin du.

Eta txarrak.

Nahiko burugogorra da taldea. Eta zaila da, jendeak lan egiten du; ez da Donostian bezala, denak ikasleak ziren. Hemen, jendea lanetik entrenatzera etortzen da, batzuk errelebotan lana egiten dute; aste batzuetan entrenatu egiten dira eta besteetan ez. Niretzako esperientzia ezberdina da hau.

Jarraitzaile sutsu batzuk ere baditu taldeak...

Denboraldiaren hasieran harrituta nengoen. Azpeitira etorri-eta 25eko gaztetxo zeuden partidetan, bonboarekin eta ohiuka; oso giro majoa sortzen zen. Gainera partidak ikustera ere nahiko jende etortzen da.

Iraurgik Saskiratzen proiektua bideratu du. Zer iritzi duzu horri buruz?

Xubi eta Etxanizen bezalako jendea Gipuzkoan oso gutxi dago. Horrek harritu nau gehien. Gauza piloa egiteko gogoz ari dira lanean. Ni Donostiatik nator eta hortik zehar ez da horrelako askorik ikusten. Jendea lan asko egiten ari da eta saskibaloian ahalegin hori egiteko jendea aurkitzea ez da oso erraza. Oso ondo dago.