Lagun Onak M.B.-k ikastaroak antolatu ditu maiatzerako

Uztarria.eus 2004ko api. 14a, 19:04
  • Mendiko orientazio ikastaroa eta G.P.S. ikastaroa eskainiko ditu
  • Gipuzkoako Goi Mendi Eskolako Mikel Garaikoetxea eta Jaime Eguzkitza irakasleek emango dituzte ikastaroak.

Apirilerako antolatu zituzten bi ikastaro hauek eta izan zuten arrakasta ikusirik -taldeak guztiz osatu direnez-, maiatzerako ere ikastaroak antolatzeko erabakia hartu du Lagun Onak M.B.-k.

Bi ikastaro eskainiko dituzte, mendiko orientazioa bata eta G.P.S. bestea. Biak Gipuzkoako Goi Mendi Eskolako irakasleek emango dituzte: Mikel Garaikoetxeak eta Jaime Eguzkitzak.

  • Mendiko orientazioa

    Ikastaro honek maiatzaren 13, 14 eta 15 bitartean iraungo du eta Lagun Onak mendi elkartean eta inguruko mendietan izango dira ikastaroa emateko lekuak. Lortu nahi diren helburuak, mapen interpretazioa, irakurketa eta erabilpena ikastea, iparorratza eta beste tresna lagungarriak erabiltzen jakitea eta oinarrizko orientazio teknikak hartzea izango dira.

Derrigorrez bete beharreko baldintza federatua egotea izango da. 40 euro balioko ditu ikastaroak. Prezio honen baitan, edukien karpeta, zonaldeko mapa eta beharrezko diren materialen erabilpenak (iparorratzak, altimetroak...) eskainiko dituzte. Aldiz, mendiko arropa, oinetakoak eta mendian ibiltzeko tresnak norberak eraman beharko ditu.

Izena emateko Lagun Onak elkarteko lokalera hurbildu behar da, apirilaren 16tik aurrera. Hamar pertsonako taldea izango da.

  • G.P.S. ikastaroak

    Zati teorikoa Lagun Onak mendi elkartean eta praktikoa Adarra mendian izango dira maiatzaren 19an, 20an eta 21ean. Koordenada desberdinak dituen mendiko plano eta mapen interpretazioak eta G.P.S. aparatuen erabilera egokiak izango ditu helburu ikastaro honek. Hala ere, beharrezkotzat jarri dute mapen irakurketa eta orientazioan ezagutzak izatea.

Ordaindu beharreko kopurua 35 euro izango da eta hemen ere derrigorrezkoa da federatua izatea. Prezioaren barne lehen aipaturiko material berdinak sartzen dira. Izen ematea Lagun Onak elkartearen lokalean egin behar da, apirilaren 16tik aurrera eta hemen ere, hamar pertsonako taldea izango da.

Egitarauak

Osteguna 13, 19:00tik 22:00etara, elkartean saio teorikoa.

Ostirala 14, 19:00tik 22:00etara, elkartean saio teorikoa.

Larunbata 15, 8:00etan, Izarraitzen saio praktikoa. 14:30ean, froga praktikoa, diplomen banaketa eta ikastaroaren amaiera.

Asteazkena 19, 19:00tik 21:30era, elkartean saio teorikoa.

Osteguna 20, 19:00tik 21:30era, elkartean saio teorikoa.

Larunbata 22, 8:30ean plazatik irteera. Andoainen pasako da eguna eta 18:00etan itzuliko dira. Bazkaltzeko aukera izango da taberna batean (garraioa eta bazkaria ez daude prezioaren barne).