Aste honetan egingo da V. Gazte Astea eta Larunbatez Jolaseko oporraldia

Urola-Kostako Hitza 2004ko api. 13a, 19:04
Oihana Goenaga eta Unai Albizu euren marrazkiekin
  • Oihana Goenagak aurkeztutako marrazkia izan da garaile marrazkien lehiaketan
  • Gaztetxoentzako ekitaldiak antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak, gaurtik hasi eta larunbata bitarterako

Aste honetan, Pazko Astean, V. Gazte Astea izango da Udaleko Gazteria sailak eta Zapo Txoko gaztelekuak antolatuta. 12-17 urte arteko gazteak parte hartuko dute eta dagoeneko ekitaldi batzuetan izena emateko aukera galdu da; antolatzaileek jarritako kopurua gainditu egin baita.

Irudi bat ere badu V. Gazte Asteak. Oihana Goenagak aurkeztutako marrazki koloretsua aukeratu da, kartel lehiaketara aurkeztutako marrazkien artean. Goenagak 17 urte ditu eta Arbe baserrikoa da, aurretik Iraurgi ikastetxean ibili bazen ere, aurten batxilergo artistikoa ikasten ari da Donostian. Bere marrazkia garaile atera dela jakin zuenean ezustekoa hartu zuen. "Lehenengo aldia da lehiaketa batetara aurkezten naizena, eta sorpresa izan da", dio Goenagak. Anaia txikia parte hartzera animatzen ere saiatu zen, baina ez zuen konbentzitu. Margotzea gustuko du eta oporraldia horretan pasatzeko asmoa du: "Animaziozko marrazkiak eta koloreak nahastea ditut gustuko".

Lehiaketan parte hartzeko bi irakaslek animatu zutela dio: "Arantxa eta Mikel irakasleek asko animatu ninduten eta haien izena aipatzea nahiko nuke".

Bigarren saria, Unai Albizuk jaso du. 13 urte ditu eta honek ere marrazki koloretsua aurkeztu du lehiaketara. "Oso gustuko" du margotzea Albisuk ere eta horregatik aurkeztu zuen marrazkia lehiaketara. Baina, ezingo du Gazte Astean parte hartu oporretara kanpora bait doa.

Ekitaldi ugari

Gaurtik aurrera goiz eta arratsalde ekitaldiak izango dira: esku lanak, bizikleta irteerak, kirol torneoak, ikastaroak, dantzak, egun osoko irteera... Oraingoz, jende gehien apirilaren 15ean, ostegunean egingo den kirol torneoan eta apirilaren 17an, larunbatean Zapo Txoko gaztelekuan egingo den azken festan dago izena emanda. Saskibaloiko eta futboleko kirol torneoan 120 pertsonak parte hartuko dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean Betharrametan. Eta egun guztirako irteera, Arguedaseko Senda Viva parkera egingo dute.

Txikienak jolaserako prest

Larunbatez Jolas asteburuetako programak Pazko Astean jarraipena izango du eta apirilaren 13tik 17ra bitartean haur eta gaztetxoentzako ekitaldiak antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak. "Orainarte ludotekak itxi egiten ziren eta haurrentzat beste ezer ez zen egoten. Baina orain aukera eman nahi zaie oporraldian jolaserako, eta ekintza sendoagoak antolatu ditugu ludotekatan ibiltzen dire gaztetxoentzat", dio Egoitz Arruti Larunbatez Jolas ekimeneko koordinatzaileak.

Larunbatetan bezalaxe hiru taldetan banatuta ariko dira oporraldiko ekitaldietan ere: txikienak, 3 eta 5 urte bitarteko 25 haurrek talde arrosari dagozkion ekintzetan parte hartuko dute. 6-9 urte artekoak, talde berdekoak dira eta 50 gaztetxo jolastuko dira. Eta, talde urdinekoak, 10-11 urtekoak dira; talde honetan izango da jende gutxien, 15ek eman baitute izena. "Hala ere, larunbatetan baino jende gehiagok eman du izena oporraldiko ekintzetan. Ludoteketan ibiltzen ez den jendea ere etorriko da", nabarmentzen du Arrutik.

Egitarau guztiak prestatuta dituzte herriko bi ludoteketako arduradunek, baina denak aurrez antolatu bezala egiteko eguraldia izan beharko dute lagun. Gazte Astean bezalaxe, egun osoko irteerak, tailerrak, esku lanak, mendi eta bizikleta irteerak eta abar egingo dituzte oporraldiko Larunbatez Jolas ekimenean.