Azken Erretegikoak txapeldun idi-dematan

Urola-Kostako Hitza 2004ko api. 6a, 18:04
Xiriako aurkezlea, irabazleak eta antolatzaileak amaieran
  • Asteburuan jokatu zen I. Pastorkua idi-dema saria zezen-plazan

Jokatu da, idi dematako Kintopeko I. Pastorkua saria. Azpeitiko zezen-plazako ehun urteko probalekuak aspaldiko partez bere funtzioa bete du. Bizkaiako Azken Erretegiko idiek irabazi zuten, itzai Lopene eta Arruti itziartarrak zituztela.

Goizean Aizarnazabalen elkartu ziren idizaleak idiak pisatzeko: ostiralean, Oliden, Izeta eta Andrakas eta larunbatean, Santxilla, Etxabe eta Azken erretegia. Azpeitian pisurik ez eta Aizarnazabaleko pisuan pisatu behar izan ziren idiak. Jokuan arituko ziren ordenaren zozketa ere hantxe egin zuten.

Ostiralean larunbatean baino jende gutxiago bildu zen idi deman. Orduan, Olidenen idiak izan ziren garaile 44 untza, hiru zinta, bi metro eta 70 zentimetro eginaz.

Larunbatean, ordea, giroa beroagoa zen: bezperan baino jende gehiago eta hamasei bat bitartekari bazen; apustuak egiten diren seinale. Irabazle, 45 untza, 4 zinta eta 50 zentimetro eginda Azken erretegia izan zen. Xiriako, aurkezlearen hitzetan "giro onean" egin zen lehen Pastorkua idi dema.