Hizkuntza Eskubideen Egunera joateko deia EHEk

Uztarria.eus 2004ko mar. 25a, 21:03
  • Apirilaren 4an izango da, Lesakan
  • Hara joateko autobusak jarriko dituzte; Orkatzen eman behar da izena

Lehen aldiz nazio mailan hizkuntza eskubideen aldeko eguna antolatu dute. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak egin du Bai Ofizialtasunari lelopean. Apirilaren 4an, igandez, ospatuko da Lesakan (Nafarroa), eta mota ezberdineko eskaintzak eta ekitaldiak dituen egitarau zabala antolatu dute.

EHEkoek diote jakina dela "euskaldunoi hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen" zaizkigula eta horren aurrean "eragin sozial tinkoago bat aktibatua izatea" ezinbestekotzat jotzen dute. "Lurralde bereizkeriarik gabe ezin dugu gure herrian gure hizkuntzan bizi eta gainera, azken urteetan euskararen eta normalizazioaren aurka estatuek darabilten suntsipen estrategia egoera hori larriagotzen ari da. Baina egiturazko egoera da muga argiak ezartzen dizkiguna: euskarak estatus legal bakarra ez izatea, ofizialtasun eza eta lurralde osorako hizkuntza politika bakarra ez izateak eragin kaltegarria dakar gure hizkuntzaren garapenerako", diote euskararen egoera aztertzean.

Horren harira, eskubideen aldeko indarrak biltzen eta bermatuak izan daitezen ahalegindu nahi dute. Horregatik antolatu dute Hizkuntza Eskubideen Eguna. Helburua "nazio osoko ahalik eta indar euskaltzale gehienak Lesakan biltzea da, bai eragile eta talde ikuspegitik, eta zalantzarik gabe herritarren ikuspegitik".

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz elkarteak dei egin nahi die herritarrei Lesakara joan daitezen eta hizkuntza eskubideen inguruko hausnarketetan parte har dezaten.

Autobusez

Azpeitiko EHEk autobusak jarriko dituzte joan ahal izateko. Prezioa 6 eurokoa izango da eta izena Orkatz tabernan eman behar da. Bertan salgai izango dira Lesakan izango den herri bazkarirako txartelak ere; hauek 13 eurotan. Autobusak Etxe Zuri aurretik aterako dira, 08:40ean.

Egitaraua

Diana eta suziriekin hasiera emango zaio egunari, 10:30ean.

Hizkuntza Eskbideen Aldeko Nazio Bilkura. Kasinoan egingo da. Bertan hizkuntza eskubideen inguruan gogoeta egiteko aukera izango dute hurbiltzen direnek, 11:00etatik 13:00etara.

Euskalgintzaren Gunea. Alhondigako arkupeetan. Bertan euskalgintzaren materiala eta proiektuak egongo dira ikusgai eta eskuragarri, 11:00etatik 14:00etara.

Manifestazioa. "Bai Ofizialtasunari" lelopean. Nazio Bilkuraren amaierarekin batera emango zaio hasiera mobilizazioari, 13:00etan.

Ekitaldia. Plaza Zaharrean, 13:30ean.

Herri Bazkaria eta Haurrentzat tailerrak. Pilotalekuan, 14:30ean.

Herburu Txarangaren eskutik girotzea pilotalekuan, 15:30ean.

Patxin eta Potxin pailazoak. Plaza Zaharrean, 17:00ean.

Dantzaldia- Patxi eta Batbiru taldearen eskutik. Pilotalekuan, 18:00ean.

Amaiera, 20:30ean.