Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak ibilbide berria izango du

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 12a, 19:03

XI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren berrikuntza nabarmenena ibilbide aldaketa da. Zenbait aldapa kendu eta ibilbide azkarragoa egin da. Esaterako, lehen, Azkoitian irteera gunetik gertu aldapa bat igo behar zen Aingeru kalean. Orain, kendu egin da eta berdinean egin beharko da lasterka. Irteeratik, Kale Nagusitik, Zumarragarako errepidean Olotzaraino eta han buelta hartu eta herri aldera etorriz. Azpeitian Euskal Herria auzoko eta Garmendigaineko oinezkoen pasabidetako aldapak eta Enparangainetik Eskustarakoa kendu egin dira. Gainera, Azpeitian bi aldiz egin behar da ibilbide bera. "Aldapak kentzera eta ibilbidea azkartzera joan gara; zenbait eta azkarragoa izan, errekorrak egiteko ere aukera gehiago baita", diote antolatzaileek. Lehengo ibilbideak zituen zailtasunak kentzera joan dira.

Aldapak kenduta, berdinean eta azkarrago egiteko moduan, korrikalariek denboran ere aldea izan behar. Antolatzaileak lagunartean ari dira eztabaidan: "40 segundu gutxiago baietz... 60 segundu jaitsiko diate...". Aurretik, ibilbide zaharrean, errekorrak ere jarrita daude: hamar urte hauetako gizonezkoen errekorra Domingo Castrok (01:01:57) egin zuen 1996an eta emakumeetan urtebete beranduago Rocio Riosek (01:09:59); Espainiako errekorra jarri zuen gainera.

Ibilbide berria joan den igandean homologatu zuten. Eta orain federaziora zehaztasunak bidaltzekoak dira. Kilometro bakoitzaren puntuak zehazten dabil Fernando Bereziartua. "Guretzat ez, baina korrikalarientzat kilometroak markatuta egotea garrantzitsua izaten da, erreferentziak hartzeko", dio Bereziartuak.

Maratoi erdiko ibilbideak 21 kilometro eta 97 metro ditu. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren kasuan 8, 5 kilometro Azkoitian dira eta gainontzekoak Azpeitian. Irteera gunea 113 metroko altueran dago eta helmuga 97 metrotara. Orain aldapa bakarra, baina bi aldiz egin beharrekoa izango du ibilbideak: Azpeitian saihesbidean. Azkarra eta berdinean, denboran alderik baden martxoaren 27an ikusi behar..

Korrikalarien izen-ematea

Martxoaren 27an izango den XI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako hasi dira korrikalariak izena ematen. Eskualdean honako lekuetan eman daiteke izena: Azkoitian Plaza Berri Sporten, Azpeitian Aradi Kirolaken eta Zarautzen Nere Sporten eta Authority Sporten.

Goi mailako korrikalari batzuek ere baieztatu dute etorriko direla: Simon Kasimili eta Wesley Ngtich keniarrak; Hicham Chatt marokoarra; Oscar Fernandez, Carlos Adan eta Luis Alberto espainiarrak eta Euskal Herritik Kamel Ziani, Asier Cuevas eta Asier Zarraga. Emakumeetan, Itziar Urdangarin euskalduna eta Laura Pinela, Marta Fernandez eta Nieves Zarza espainiarrak.3