Literatuzta Literatur Aldizkariak II. zenbakia aterako du

Uztarria.com 2004ko mar. 10a, 17:03
  • Apirilean aterako da eta aurkezpenerako emanaldi batzuk egingo dira
  • Aldaketa batzuk egiteko asmoa dute aldizkaria hobetzeko

Iazko uztailean atera eta aurkeztu zen Literatuzta Literatura Aldizkaria lehenengo zenbakia. Azpeitiko herritarrek idatziriko lanekin osatutako aldizkaria izan zen, "Azpeitian idaztea gogoko duen jendea dago eta guk nahi dutenei idatzi horiek kaleratzeko aukera eman nahi diegu. Literatuztaren helburuetako bat da hau", diote Literatuztakoek.

Aurreko aldian, hamazortzi lagunek idatzitako testuak argitaratu zituzten eta gai nahiz genero ezberdinak landu ziren, "guztiz irekita utzi genuen jendeak nahi zuena eta nahi zuen bezala idazteko".

Orain, asmo berriz datoz eta aldaketa batzuk egingo dituzte: "aurreko alearekin gustora gaude, baina hobetu daitekeela uste dugu eta saiatuko gara horretan". Apirilean aterako da Literatuztaren II. alea eta lanak biltzen hasi dira aldizkaria osatzeko: "27 bat lagunek erakutsi dute parte hartzeko asmoa, ezin dugu kexatu, baina hala ere, gehiagoren parte hartzea lortu nahi dugu, ahal den gehien izan daitezela herrian dinamikotasuna lortzeko eta bide batez, literaturarekiko dagoen "beldurra" ezabatzeko.

Ekitaldiei garrantzia

Aurkezpen egunerako ekitaldi batzuk antolatu dituzte, hala nola, hemen izango dira Harkaitz Cano eta Bihotz Bakartien Kluba bizkaitarrak dituzten emanaldiekin. Literatuztakoen ustez "penagarria da batzuk emanaldi bat prestatzeko hartzen duten lanari Azpeitian erantzuten zaien bezala erantzutea. Inor gutxi joaten da horrelako ikuskizunetara, dela poesia, dela hitzaldia... edozer delarik. Horri buelta eman nahi diogu eta bide batez, Udalari ikusarazi gure herria herren dagoela horrelako gauzak antolatzeko leku baten beharra baitago".

Literatuzta Literatuta Aldizkariak idatzi bat atera du bere asmoen nondik norakoak azaltzeko:

"Hitzak hizkiratzearen zale zaren horri proposamen literario bat egitera gatozkizu. Literatuztaren bigarren alea abian da, lehenengoak izan zuen harrera ona ikusirik ezin genuen piztu zen su hura itzaltzen utzi. Eskuartean duzun eskutitz honen bitartez proiektu honen izaera, helburua eta etorkizunari begira hartu nahi duen bidea azaltzea dugu helburu.

Taldearen egituraketa eta funtzionamenduari dagokionez Literatuztari izaera emango dieten hiru iturri bereiz ditzakegu:

  • Talde eragilea: lanak biltzeaz, publizitateaz, argitarapenaz eta betebehar nagusienetaz arduratuko dena.
  • Diaspora: Literatuztaren inguruan bildu nahi den jende multzoa litzateke. Beraien idatzi eta aportazioen bidez kolaboratuko lukeen “plantilla” bat sortu nahi da. Hauen konpromezua eta konplizitate jarraia xede delarik. Hasiera batean behintzat, zure lekua hemen egongo litzateke.
  • Uztarria: azpiegiturak eta baliabideak eskainiz batzutan eta bitartekari lanak egiten bestetan, aurreko bi multzoak lez, ezinbesteko iturria. Aurrera begira, taldeen arteko harremanak eta koordinaketa sendotzea dugu helburu, elkarlanaren bitartez uztak itxura ezin hobea izan dezan.

Proiektu zirraragarri honen helburuei dagokionez, nagusienetakoa herritarrei baraien testuak kaleratzeko leihatila bat eskaintzea da, baina ez da bakarra. Literatuztak literaturarekiko zaletasuna sustatu nahi du eta zaletasun honen inguruan herritarren arteko harremanak sendotu.

Baina guztiaren muina alez aleko argitalpena izango denez talde eragileak kaleratuko den lanaren izaerari dagokionez puntu batzuk jorratzea komenigarria iruditu zaio.

  • Edukia: forma edo estiloari dagokionez mota guztiak onartzen dira (poesia, prosa, kronika, iritzi artikulua...). Aldiz, Literatuztaren orri kopurua mugatua izango da, ondorioz testu luzeegiek orri gehiegi jan ez ditzaten gutxi gorabeherako neurri batzuk jartzea iruditu zaigu onena:

poesia- 5 lerro gutxienez, 50 gehienez.

prosa- 15 lerro gutxienez, e orrialde gehienez.

  • Aleen argitalpen maiztasuna: Hiru hilabetetik behin kaleratzea dugu helburu. Zerbait bizia, dinamikoa eta emankorra izatea nahi dugulako gure Literatuzta.
  • Maketazioa berriz, aurreneko alean ez bezala, ehuneko ehun talde eragilearen esku geldituko da, diasporaren proposamenei irekita noski. Esan, ale bakoitzak 40 orri inguru izatea dugula jomugan, gutxi gorabehera.

Talde honek herriari begira izen bat eta izan bat lortu nahi du. Honetarako uste dugu Literatuzta hiru hilabetean kaleratzeaz gain literatura protagonistatzat hartuta herrian oihartzun gehiago egin genezakeela. Hau lortu eta aleen argitalpenei indar gehiago emateko hiru hilabetero, lanaren kaleratzearekin batera, kultur ekintzak prestatuko genituzke. (errezitaldiak, irakurketak, tertuliak, hitzaldiak, literatura-tailerrak, liburu aurkezpenak...)

Baina guzti hau martxan jartzeko zu bezalako jendearen beharra dugu, 3 edo 6 hilabetean behin, hitzekin solasean jarri eta zure fruitua guri helaraztea nahiko genuke. Lanak jasotzeko bideak: Uztarrian utziz, talde eragileko edozein kideri emanaz, lanak e-mail bidez literatuzta@euskalerria.org bidaliz edo gurekin kontaktuan telefonoz jarriz: 943 15 03 58".