Presoen aldeko barauak urtea bete du

Uztarria.com | Taldeak | Artikulua
2004-03-08 16:03

  • 26 txanda egin dira eta 165 herritarrek hartu dute parte
  • Uztailaren bukaeran emango zaio amaiera

Martxoaren 7an urte bat bete zen euskal preso politikoen eskubideen alde 24 orduko baraualdiak egiten hasi zirenetik. Azpeitiko Askatasunak antolatutako ekimena da eta abuztua arte jarraituko du.

Ekimena Bautista Barandalla preso politikoaren egoera salatzeko eta libre utz zezaten eskatzeko antolatu zen hasieran. Asteburuetan, larunbateko 12:00etan hasi eta igandeko 12:00etara bitartean, baraualdiak egiten hasi ziren, Sindikatu Zaharrean. Talde ugarik hartu zuten parte, hala nola, Askatasuna, Etxerat, Gazte-ekimena, Ikasle Abertzaleak, Azpeitian Gazteok Zer?, Habea, Eliza-Elkarri, Euskalgintza, Kazetariak...

Salaketa berria

Udan etena egin zuten eta azaroaren 15ean salaketa berri batekin itzuli ziren baraualdietara. Etenaldian zehar, euskal preso politikoek bizi duten egoera larria aztertu eta horren arira Euskal preso politikoen aurkako erasoei stop! Euskal presoak Euskal Herrira! lema berriarekin jarraitzea erabaki zuten. Aldi honetan, taldeez gain, koadrilek ere parte hartu dute: LAB sindikatuko kideak, Begirale taldea, EPEH plataforma eta hiru koadrila ezberdin beste batzuen artean.

Salaketei indarra emateko, beste bide batzuk ere erabili dituzte: etxez etxe ur botilak banatu zituzten barruan idatzi batekin, "Herrira" aldizkaria banatu dute hilero, kontzentrazioak, prentsaurreak... Hauez gain, gabonetan 12 lagunek 5 eguneko baraualdia egin zuten, abenduaren 31an 600 pertsonak osatutako manifestazioarekin amaitu zena.

Orain arte, guztira 26 txanda egin dira eta 165 herritarrek hartu dute parte. Urtebete bete dituen ekimena abuztura arte luzatuko dute antolatzaileek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa