Hazparnen Euskal Herria Zuzenean jaialdia debekatu nahi du alkateak

Uztarria.eus 2004ko mar. 3a, 18:03

Azpeitiarekin anaituta dagoen herrian zeresan handia sortu du nahi honek

Jacques Coumet auzapezaren erabaki baten ondorioz sortu da afera

Hazparnen izango da Euskal Herria Zuzenean-ek antolatutako jaialdia, baina dirudienez, Jaques Coumet, Hazparneko alkate eta UMPko kontseilari nagusia denak, debekatu egin nahi du. Honek guztiak, zalaparta ikaragarria sortu du Azpeitiarekin anaituta dagoen herrian. Berria egunkarian irakurri dugu albistea.

Gehienen iritziz, erabaki honen atzean martxoko kantonamenduetako hauteskundeak daude, nahiz eta Coumetek eman duen arrazoia, Hazparneko herriak, horrelako jaialdi baten aurrean ezin duela segurtasunik eskaini izan den.

AB eta Aintzina Segi alderdiek mobilizazioak egingo dituzte eta herritarrei laguntza eskatu die jaialdia Hazparnen antolatu dadin. Modu honetan, Coumetek kulturarekiko duen beldurra eta jaialdi hori ez antolatzeak ekarriko lituzkeen kalteak salatu nahi dituzte. EA eta EAJ alderdiak ere jaialdia bertan antolatzearen alde agertu dira, azken batean, jaialdiak Hazparneko herriari onurak ekarriko dizkiola uste baita, ekonomikoki zein kulturalki.

Anaitasun akordioa

Azpeitia eta Hazparneren arteko anaitasun akordioa 1983an egin zen, Imanol Elias alkate zela. Hazparne-Azpeitia anaitasun eguna, berriz, 1987ko apirilaren 5ean ospatu zen. Imanol Eliasek berak kontatzen ditu anaitzearen nondik norakoak liburuxka biografikoan: "Beste herrietan ari ziren horrelakoak egiten eta ‘guk zergatik ez?’, pentsatu genuen. Iparraldekoekin harremanak izatea ondo ikusten zen, eta Maria Jesus Aranburuk egin zituen harreman guztiak, Kulturako zinegotzi bezala, eta aurrera eramatea erabaki genuen. Beraiek ere gogoarekin hartu zuten, eta horrelaxe hasi ginen hartu emanetan". Hazparne-Azpeitia anaitasun eguna 1987ko apirilaren 5ean ospatu zen.