Lasterka egiteko eta oinez ibiltzeko bi bide markatu dituzte

Uztarria.com 2004ko ots. 9a, 13:02
  • Markatutako bi ibilbideak Azpeitia eta Azkoitia artean daude
  • Herritarren artean ohitura onak sustatzeko asmoz egiten ari diren kirol-politikan txertatu dute ekimena

Azkoitiko eta Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lasterka egiteko eta oinez ibiltzeko erabiltzen diren bi bide markatu dituzte. Horiek markatzeak, "herritarrek ohitura osasuntsuak hartzeko helburua" duela esan dute ekimenaren bultzatzaileek. Ekimen hori, egiten ari diren kirol-politikaren barruan txertatu dute.

Bi ibilbideak Azkoitia eta Azpeitia artean daude. Batek Diego Garcia izena du eta besteak Trenbide zaharra. Diego Garcia ibilbidea Azpeitia eta Azkoitia batzen dituen errepidearen paretik doana da eta bestea, berriz, trena igarotzen zen bidetik doana.

Beste ibilbide batzuk ere markatu dituzte, bi ibilbide nagusi horien gehigarri gisa: Loiola eta Sistiaga erreka lotzen dituena, Loiola eta Garmendipe auzoa lotzen dituena eta Azkoitiko Txikigolfeko bidegorrikoa.

Ibilbide horiek markatzeko poste kilometrikoak ipini dituzte. Poste horietan ibilbidea hasi dugunetik zenbat kilometrora gauden adierazten da; zer distantzia egin dugun, alegia. Hito kilometrikoek ere ibilbideetako tarteak kontrolatzeko balio dute. Izan ere, poste kilometriko bakoitzetik hito kilometriko bakoitzera 500 metroko distantzia dago.

Posteez gain panel orokor bat ere ipini dute; Loiolako Inazio hiribideko biribilgunearen aldamenean, hain justu. Azkoitian ere badago horrelako panel bat, kiroldegi aldamenean.