Herriko beste hiru tokitan egin dute lapurreta

Uztarria.com 2004ko ots. 4a, 13:02
  • Ileapaindegi batean, Egaña gozodendan eta Talleres Azpeitian ibili dira oraingoan lapurrak
  • Ileapaindegira eta Egaña gozodendara leihatilatik sartu dira

Lapurretek jarraitu egiten dute Azpeitian. Joan den igande gauean, ileapaindegi batean eta Egaña gozodendan sartu ziren lapurrak. Ileapaindegiko nagusiak Uztarriari esan dioenez, ate gainean duen leihatilatik sartu zaitzaizkion. Hala dio K.G.-k: “Leihatilako kristalak banaka kendu zituzten eta gero, oso-osorik, ate aurrean utzi”. Hark dioenez, ez zioten ezer puskatu baina bideoa, musika aparatua eta ileapaindegiko materiala lapurtu dizkiote. K.G.-k esan duenez, irteera errazagoa izan zuten lapurrek: “Barruan eskailera bat dut, eta leihatilaren parean jarri eta handik atera ziren”.

Egaña gozodendan

Egaña gozodendan ere ibili ziren igande gauean. Bertara komunean dagoen leihatila txiki batetik sartu ziren, Inazio Egañak, gozodendakoak, Uztarriari kontatu dioenez: “Komuneko leihatilatik sartu eta atera ziren. Tabakoa eta txanponak lapurtu zizkiguten. Baina ezer ez zuten puskatu”. Goizeko seiretan garbitzailea lanera sartu zenean izan zuten gauean izandako bisitaren berri. Jakin eta berehala joan ziren gozodendako nagusiak dendara. “Lapurreta egin dizutela jakiteak ez dizu gustu onik uzten, azken batean zeure gunean sartu direlako”.

Talleres Azpeitian

Juan Antonio Calerok Talleres Azpeitian egiten du lan. Azkeneko hilabetean bi aldiz izan dira lapurrak han. Bulegoko atea puskatu eta sartu dira azkenekoz hara. “Mailu handi batekin ateari kolpeka jardun eta egindako zulotik sartu ziren bulegora”. Bulegoan "bakarrik" ibili zirela ere esan du. Izan ere, tailer barruan zakurrak dituzte eta hara ez dira sartzen. Kaxan zegoen dirua baino ez ziotela lapurtu esan du: “Ez zuten askorik eraman, kaxan ez dugu-eta diru askorik uzten”. Lanera bueltan aurkitzen dutena izaten omen da "txarrena".

Joan den asteburuan hiru leku horietan egin dute lapurreta, eta hirurek ere lapurrei aurre egiteko segurtasun neurriak hartu dituzte edota hartzekotan dabiltza. Baina Calerok esan duenez, “nahiz eta segurtasun neurriak hartu, azkenean sartu nahi badute sartu egiten dira”. Uztarrian beste artikulu bat argitaratu genuen Damaso aldean egindako lapurretekin.