'Joxe Takolo' mendiko bekara aurkezteko epea zabaldu da

Uztarria.com 2004ko ots. 2a, 19:02
Xabier Ormazabal, iaz Joxe Takolo beka jaso zuena
  • Otsailaren 28a baino lehen aurkeztu behar da egitasmoa Azpeitiko Udaleko erregistroan
  • Goi mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatzea du helburu Joxe Takolo bekak

Joxe Takolo mendi bekara aurkezteko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak. Beka horrekin, goi-mendizaletasunarekin lotura duten eta maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatzea du helburu. Iaz, Xabier Ormazabali eman zitzaion beka. Egitasmoak aurkezteko epea otsailaren 28an amaitzen da eta Azpeitiko udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira proiektuaren nondik norakoak.

Bekara Euskal Herriko mendizale, mendi-elkarte eta beste hainbat eratako elkarte eta taldek aurkeztu ahal dute. Irabazleak 6.606,07 eurotako laguntza jasoko du bere mendi-proiektua gauzatzeko. Beka martxoaren 15etik apirilaren 15a bitartean kobratuko du irabazleak.

Epaimahaia

Epaimahai bat osatuko da Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Euskal Herriko Mendi Federazioko ordezkari banarekin eta mendian adituak diren zazpi kiderekin. Hauek erabakiko dute nor den bekaren irabazlea, eta irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:

  • Egin nahi den jardueraren kalitatea.
  • Entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna.
  • Partaide-kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea.
  • Jardueraren finantziazioa
  • Jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza-baliabideak.
  • Kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa
  • Antzeko kirol programa edo eskaintzarik ez egotea.
  • Jarduera kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.

Erabakia martxoak 1 eta 13 bitartean hartuko du epaimahaiak.

Bekaren irabazleak dirulaguntzaren jardueraren informazio, publizitate eta propaganda guztietan 'Joxe Takolo Beka` adieraztera derrigortuta dago. Gainera, mendi espedizioa egin aurretik eta egin ostean antolatzen diren ekintzetan esperientzia zabaltzen lagundu beharko du. Arau hauek ez badira betetzen, laguntza kenduko zaio irabazleari. Bekara aurkeztutako proiektuak nahikoa kalitate ez dutela erabakiko balute beka hutsik geldituko litzateke.