Hasi dira haur masaje ikastaroak; hiru talde osatu dira

Uztarria.com 2004ko urt. 29a, 14:01
  • Umearen gorputza ezagutzeaz gain, umearekin komunikatzeko balio dute
  • Taldeak osatu diren arren, jende gehiago apuntatzen bada beste talde bat osatuko da

Asteazkenean, urtarrilak 28, hasi ziren haur masaje ikastaroak Ikasberri ikastolan. Nerea Mendizabalek hartu du eskola horiek emateko ardura. Mendizabal psikopedagogian lizentziatua da eta haur masaje hezitzailea da. Uztarriarekin egon berri da eta berak esan duenez “oso harrera ona izan dute. Bi talde osatzea nahi genuen eta biak bete dira. Haurtzaindegiko begiraleek ere interes handia agertu zuten ikastaro hauekin eta beraientzako ere beste talde bat osatu dugu”. Taldeak 8-10 lagunez osatuta daude eta hiru guraso kanpoan gelditu dira, lekurik ez zutelako. Mendizabalek esan duenez, “jende gehiago apuntatzen bada, beste talde bat osatuko dugu”.

Ikastaro horietan haurraren gorputza ezagutzen da. Gorputza ezagutzeaz gainera, haurrarekin komunikatzen ere ikasten da. Izan ere 0-1 urteen arteko umeek errazago ulertzen dute ukimenaren bidez adierazitakoa, ahoz esandakoa baino. Hala dio Mendizabalek: “Adin horretako umeak txikiegiak dira ahoz esandakoa ongi ulertzeko, errazago ulertzen dute ukimenaren bidez adierazitakoa ahoz esandako baino”.Masajea ematen ikasteaz gain, haurren inguruko artikuluak ere irakurriko dituzte. Izan ere, adin horretako umeak dituzten gurasoak kezka antzekoak izaten dituzte eta artikulu horien bidez "kezkak konpartitzen" dituztela dio Mendizabalek.

Uztarria.com-en artikulu bat kaleratu zen gai honen ingurukoa. Ikusteko klikatu hemen