Jose Luis Frantzesena: "Oraindik ez dakit zenbagarren postua lortu dudan Baionako 'Kanta Berri' sarian"

Uztarria.com 2004ko urt. 27a, 18:01
Frantzesena, Udal Musika Akademian.
  • Baionako Kanta Berri izeneko erakundeak antolatutako Kanta Berri lehiaketan saritua izan da
  • Uztailaren 3an egingo den ekitaldian jakingo du zer postua lortu duen

Jose Luis Frantzesena Baionako Kanta Berri izeneko sarian saritua izan da. Lehiaketak hiru maila ditu, eta Frantzesenak konposizio eta abestiko arloan parte hartu du. Azpeitiar musikariak eskuratu duen bederatzigarren saria da hori.

  • Sari bat eman berri dizute. Zer sari da?

    Kanta Berri izenekoa lortu dut, Kanta Berri elkarteak ematen duena. Baionan dagoen erakundea da. Oraindik ez dakit zenbagarren postua atera dudan. Hirugarrena behintzat ziurtatuta daukat. Sari hori, gainera, nahiko garrantzitsua dela uste dut.

    • Noiz jakingo duzu?

    Uztailaren 3an egingo den ekitaldian jakingo dut. Ekitaldia Baionako geltokian hasiko da, sarituen aurkezpena han izango da. Arratsalde partean Miarritzeko kasinoan egingo da sari banaketa, afari batean. Han jakingo dut zenbagarren postua atera dudan. Eta baita norekin lehiatu naizen ere.

    • Nola izan zenuen sari horren berri?

    Dagoeneko ahaztuta neukan sarira aurkeztu nintzela ere. Gutun bat bidali zidaten sari horren berri emanez. Gizonezkoen koroek Capella-n abesteko euskarazko abestiak eskatzen zituzten eta sari horretarako abestia egin eta bertara bidali nuen urrian. Joan den astean bidali zidaten gutun bat saritua nintzela esanez, eta orduan gogoratu nuen nola lehiaketa horretara aurkeztu nintzen.

    • Zer aurkeztu duzu?

    Habanera bat egin dut; hemen eta Kuban asko ibiltzen den erritmoa da. Itsas-Iparra izena du eta lau ahotsetara abestu behar da. Sari horretarako egin dut abestia.

    • Gustura al zaude?

    Oso. Beti pozgarria da saria eskuratzea. Pieza gehiago egiteko gogoa ematen du.

    • San Sebastianetako ere Txokolo Txikiren Diana moldatu duzu eta estreinatu berri duzu. Zure iritziz ondo atera al zen?

    Bai, hala da. Espero bezala atera zen, nahiko ondo. Gainera, plazan bi aldiz jo genuen. Dena den, pieza hori oraindik gehiago landu behar da, hobeto jotzeko.