Julian Eizmendi: "Gu ez gara beste Udalbiltzaren ilegalizazioaren erantzuleak"

Uztarria.eus 2004ko urt. 26a, 09:01
  • Elkarrizketa egin dio Argia astekariak Azpeitiko alkate eta Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko lehendakariari.
  • Joan den urteko azaroaz geroztik dago Eizmendi kargu horretan.

Lau urte dira Azpeitiko Udalak Udalbiltzan sartzea erabaki zuenetik; Udalbiltza bera 1999ko irailaren 18an sortu zen. Eta, gaur egun, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea da EAJk eta EAk kudeatutako Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria.

Hori dela eta, elkarrizketa egin dio Argia astekariak azken alean. Hona hemen bertan esan dituen batzuk:

  • "Gure eginkizunekin, gure ekimenen bidez, sei lurraldeetako euskaldunak gerturatu nahi ditugu, elkarrekin kontaktuan jarri, elkarlanean jarri".
  • "Gure helburua Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea da, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik. Naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta, hiritarren borondate askean eraikia, behetik gora".
  • "Lurraldetasuna ez dago herritarren borondatearen gainetik inposatzerik, printzipio hau estatuek errespeta dezatela eskatzen ari bagara, geuk ere gure nazio eraikuntzan errespetatu beharra daukagu".
  • "Indarkeria politikoaren aurrean genuen postura ezberdinak zatitu gintuen. ETAren indarkeria garbi kondenatu behar da. EAJ eta EAk erabaki zuten orduan EHrekin (Euskal Herritarrak) elkarlanik ez egitea. Ea aurreko denborak itzultzen diren".
  • "Gu beste Udalbiltzaren ilegalizazioaren aurka azaldu gara, baina ez gara ilegalizazioaren eta bere ondorioen erantzuleak, bakoitzak bere hausnarketa egin beharko luke".
  • "Gure bailaran, Zestoa, Zumaia, Errezilen ez zituzten herri plataformak atzera bota. Orduan hemen ere, Azpeitian adibidez, batzuek hausnartu beharko dute horren zergatia. Eraso politiko horri buruzko azterketa egin beharko lukete, bakoitzak nola jokatu duen hausnartu. Haien estrategia eta gurea ezberdinak diren aldetik erantzukizunak ere ezberdinak dira, gu ez gara haien estrategiaren ondorioen erantzuleak".
  • "Nolanahi ere, gu saiatzen gara haiek (Habea-ri buruz) nolabaiteko parte hartze bat izan dezaten. Mugak muga, udaleko bizitzaren gaietan eta batzordeetan egoten dira eta hauen jarraipena egiten dute, beren iritzia ekartzeko aukera dute. Baina, ez daukagu udaletxeko lana geldiaraziko lukeen ezer egiteko asmorik, herriak aurrera egin behar du".

Mikel Asurmendik egindako elkarrizketa osoa, Argia astekariaren webgunean irakurri daiteke.

Azkeneko Uztarria herri aldizkarian atera genuen guk ere, Azpeitiko Udala eta nazio eraikuntzaren inguruko erreportaia; besteak beste Julian Eizmendiri ere elkarrizketa egin genion.