Ikasberri Kirol Elkarteak Herriko II. Pala Txapelketan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu du

Uztarria.com 2004ko urt. 23a, 13:01
  • Otsailaren 9an amaitzen da Pala Txapelketan izena emateko epea
  • Emakume nahiz gizonezkoek hartu dezakete parte txapelketa

Ikasberri Kirol Elkarteak bigarrengo aldiz antolatu du Herriko II. Pala Txapalketa, gizonezkoei eta emakumezkoei zuzendua. Bertan parte hartzea nahi dutenak, otsailaren 9a baino lehen eman beharko dute izena. Izena emateko Orkatz eta Zuhatz tabernetara jo beharko da edo bestela Ikasberri Ikastolara joan edo bertara deitu (943 15 12 46). Izena ematerakoan parte hartzaileek telefono zenbakia eta izen-abizenak eman beharko dituzte. Horretaz gainera, 10 euro ordaindu behar dira otsailaren 11an. Izan ere, egun horretan, 21:00etan parte-hartzaileen bilera bat egingo da Ikasberri Ikastolan. II. Pala Txapelketa otsailaren 16an hasiko da eta martxoa arte luzatuko da. Betharrametako frontoian izango dira partidak, astelehen eta asteazkenetan. Partidak emakumeek teniseko pilotekin jokatuko dituzte eta gizonezkoek gomazkoekin.

Pala txalpelketa honek bi maila izango ditu eta parte hartzaile bakoitzak erabakiko du zein mailatan lehiatu nahi duen. Parte-hartze handia espero dute antolatzaileek. Mikel Agirre, Ikasberri Kirol Elkarteko kideak Uztarriari esan dionez: "Iaz, guztira, 28 bikotek hartu zuten parte eta beste bikote asko gelditu ziren izena emateko gogoarekin. Aurten, bigarren aldia izanda, jende gehiago enteratuko dela uste dugu eta iaz baino bikote gehiagok parte hartuko dutela espero dugu". Bi maila egotearekin ere jendea gustorago geldituko dela uste du: "Haiek erabakiko baitute zein mailatan jokatu nahi duten".

Iazko balorazioa ere egin zuten eta "oso gustora" gelditu ziren. "Agian antolakuntza aldetik akats batzuk egongo ziren, bikote asko zirelako, baina orokorrean gustora gelditu ginen eta aurten iaz baino hobeto ibiltzea espero dugu".