Jose Luis Frantzesena: "’Txokolo Txiki Diana’ doinua oso herrikoa da"

Uztarria.com 2004ko urt. 15a, 16:01
Jose Luis Frantzesena Udal Musika akademian konposatzen.
  • Txokolo Txikiren Diana pieza moldatu du danborradarako
  • Aurten estreinatuko da pieza berria helduen danborradan

Helduen danborradan doinu berri bat estreinatuko da aurten, Txokolo Txiki Diana. Jose Luis Frantzesenak moldatu du danborradarako. Aurretik danborradarako konposatutako bost pieza ditu (Soreasuko Sebastian, Mandioko Polka, Alardea, Agurra eta Barrenetxea) eta moldatuta beste bat (Diana). Frantzesena 1985 urte amaieratik Azpeitiko Musika Bandako zuzendaria da.

- Aurten danborradan doinu berri bat estreinatuko da.

Danborradako piezak berez bost dira, baina dagoeneko Azpeitian hamabi dauzkagu. Gaur egun hamar jotzen ditugu eta aurten hamaikagarrena estreinatuko dugu, Txokolo Diana Txikia.

- Nondik nora aukeratu duzu doinu hori?

Txokolo txistulariak jotzen zuen pieza da. Aspaldikoa da, 1902an Biasteriko dultzainariek jotzen zuten. Dultzainarekin jotzen ziren piezak txisturako moldatzeko abildade izugarria zuen Txokolok, gero piezak paperera Basilio Lizasok pasatzen zituen, Joxe Lizaso bertsolariaren aitazanak. Jose Mari Altunak ere musika banda eta txisturako moldatu zuen. Eta orain nik danborradarako moldatu dut. Zenbat eskutatik pasatu den, ezta?

- Zein ezaugarri ditu pieza berriak?

Oso herrikoa da. Eta seguruenik 140ren bat urte izango ditu. Badago beste doinu bat zaharragoa, Diana San Sebastian, Aldalurrena, eta honek honezkero 150 urte pasa izango ditu. Doinu hauek Azpeiti-Azpeitikoak dira eta berreskuratzea oso garrantzitsua da. Gainera biak oso alaiak dira.

- Doinu berri bat estreinatzen duzunean urduri egoten al zara?

Ez naiz urduri egoten. Haseran bai, lehenengo pieza estreinatu genuenean urduri egon nintzen, orain beste era batera hartzen ditut gauzak.

- Entseguak ere gehiago egin beharko dira?

Zerbait berria estreinatzen dugunean zuzendariekin entseguak egiten ditugu. Urtero lan hori egitea gustatuko litzaidake, lana da baina festari aberastasuna ematen dio.

- Zer da zuretzat danborrada?

Azpeitian danborrada handia eta ederra da, eta pieza berriak derrigor sartu behar dira.

- Talde guztiei pieza bat egin edo moldatzeko asmoa omen duzu.

Barrenetxea taldearentzako doinu bat eginda daukat, baina ez da jotzen. Nire gogoa talde guztiei pieza bana egitea da eta San Sebastian egunean bakoitzak bere pieza jo izatea. Horrela herriko gauzak berreskuratzen jarraituko dugu. Ederra izango litzateke urtean pieza bat estreinatzea.