EBPNko Aholku Batzordeko ordezkariek ondo ikusten dute Uztarriaren proposamena

Uztarria 2004ko urt. 10a, 16:01
  • "Logikoa" da euskalgintzak parte-hartze zuzena izatea, eta ekimenak uztartzea
  • Uztarriak dagoeneko ia egin ditu batzordeko kideekin bilera guztiak

Uztarria Kultur Koordinadorak, Azpeitiko Udalak onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), "ekimen eta funtzionamendu aldetik osatzeko eta aberasteko" asmoz, proposamena egin zion Udalari berari azaroaren 29an, bazkideen batzarrak onartuta, eta harrezkero EBPNko Euskararen Aholku Batzordean dauden herriko eragileekin bilerak egiten ari da proposamenaz.

Aholku Batzordean, Udaleko eta udal erakundeen ordezkariez gain (Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea, Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburua, Manuel Unanue Ogasun eta Kontuen batzordeburua, Pello Elorza Udal Euskaltegiaren zuzendaria eta Patxi Saez Udaleko euskara teknikaria), herriko enpresak daude (Danona, Sammic eta Biele), merkataritzako elkarteak (Alde Zaharra Merkatarien Elkartea eta UEME), profesional liberalak (Martin Berasategi abokatua eta Saioa Larrañaga aholkularitzakoa), ikastetxeak (Ikasberri eta Urola), Itsasi Euskal Kultur Taldea, Lagun Onak Futbol Taldea eta Parrokia —baita Uztarria bera ere—, ELA eta LAB sindikatuek ere hartu zuten parte batzordearen azken bileran, eta Uztarria eragile horiekin denekin ari da biltzen.

Dagoeneko ia denekin bildu da, eta eragileok ondo ikusten dute Uztarriaren proposamena. Aitortzen dute Uztarria dela —Baite Euskara Elkartea bertan txertatzean,— Azpeitian euskalgintza biltzen duen erakundea, eta, beraz, euskararen normalizazioarekin zerikusia duen planean euskalgintzak "paper berezia bete" behar duela "herriko beste eragileon aldean". Uztarriak "diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean parte hartzea" eskatu du, eta horrek "logika osoa" duela diote Aholku Batzordeko eragileek.

Herrian edozein arlotan euskaraz bizitzeko aukera lortzeko plan estrategikoak "beharrezkoak" direla irizten diote, horregatik sartu direla beraiek EBPNn, "baina ekimen denak dira onak eta merezi du uztarketa egitea". Uztarria bera Bai Euskarari Ziurtagiria zabaltzen ari da, eta une hauetan herriko 36 eragilek dute ziurtagiri hori. Azpeitian euskara arloan dagoen ziurtagiri bakarra da.

Uztarriak herriko eragile denak Bai Euskarari Ziurtagiria erabiltzera gonbidatu nahi ditu, Udalarekin batera, eta Udalak beste ziurtagiri bat ateratzeak "onik ez" lukeela ekarriko ondorioztatu du Uztarriak Aholku Batzordekoekin bildu ostean.

Uztarriaren proposamena EBPNrako

Hauxe da, hitzez hitz, Uztarriak Udalari elkarlanerako egina dion proposamena:

  • 1. EBPNren eta Bai Euskarari Akordioaren arteko uztarketa egitea gizarte eragileen konpromiso prozesua abiatzeko, hauek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzera gonbidatuz. Horretaz gain, biharko egunean Bai Euskarari Akordioan egon daitezkeen ekimenak ere uztartzea, baita bestela egon daitezkeen ekimenak ere.
  • 2. Azpeitiko EBPNren urteroko kudeaketa plana egiterakoan, Uztarriak diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean parte hartzea, Azpeitiko Udaleko euskara teknikari nagusiarekin batera. Hortik irtendako proposamenak, Euskararen Aholku Batzordeak lantzea eta, ondoren, behin betiko proposamenak Azpeitiko udalbatzarrak kontuan hartzea.
  • 3. Lan hori behar bezala egiteko, udalak baliabideak ematea Uztarriari.
  • 4. Uztarriak euskararen normalizazioarekin zerikusia duten beren ekimenak planaren barruan sartzea, eta udalak horiek sustatzea eta laguntzea.
  • 5. Uztarriak Udal Euskara Batzordearen bileratan parte hartzea. Gizarte eragileen ordezkaritzak ere aukera bera izatea.
  • 6. Euskararen Aholku Batzordea zabaltzea beste herritar eta eragile batzuengana. Esaterako, oso garrantzitsua da sindikatuek bertan parte hartzea...
  • 7. Euskararen Aholku Batzordeak planari jarraipen handiagoa egiteko aukera izatea.