Areto futboleko Jostaldik garaipena behar du jaitsiera postuak saihesteko

Azpeitiko Areto Futbol Taldea 2004ko urt. 7a, 16:01
  • Azpeitiarrek Sala de Fiestas Txanela talde zarauztarra hartuko dute etxean larunbatean, 16:30ean
  • Hiru puntuak ezinbestekoak ditu sailkapeneko azken postuetatik aldentzeko eta azken partidetako emaitza txarren boladari amaiera emateko

Azpeitiko Jostaldi areto futbol taldeak urte berria garaipen batekin hasi nahi du. Eta horrela izan beharko du, sailkapeneko jaitsiera postuetara erori nahi ez badu behintzat.

Izan ere, ligako lehen itzulia amaitzeko lau partida soilik gelditzen direnean, Jostaldi 13. tokian da (orotara 16 talde daude Gipuzkoako Lehen Mailan), azken postutik hiru puntutara. Honenbestez, larunbateko norgehiagokan garaile izatea ezinbestekoa dute Ramiro Sanzen mutilek, dauden egoera zaila geroz eta gehiago okertu nahi ez badute behintzat. Zarauzko Sala de Fiestas Txanela taldea izango du arerio Jostaldik. Talde gogorra da zarauztarra, aurten Gipuzkoako Ohorezko Mailatik jaitsitakoa. Norgehiagoka 16:30ean hasiko da herriko kiroldegian.