2004rako 20,8 milioi euroko udal aurrekontua onartu da

Uztarria.com 2003ko abe. 23a, 22:12
  • Abenduaren 23an onartu dira, EAJren, EAren eta PSE-EEren botoekin.
  • Habeak aurrez, EAJ eta EAri herri proiektuen “akordio” proposamena egin zien.

2004ko udal aurrekontuak urtea hasterako onartu dira. Gaur, abenduaren 23an onartu dira udalbatzarrean EAJko, EAko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botuekin. Habea kontra azaldu da. Udal hauteskundeen ondoren eta ekainaren 14an osatutako udal taldeak onartu dituen aurreneko aurrekontuak dira aurtengoak.

2004ko udal aurrekontuak:

Aurrekontu bateratua: 20.838.864 euro
Udal aurrekontu propioa: 16.234.514

Sailak:

Gizarte Zerbitzuak: 868.053 euro
Kirolak: 550.544
Hezkuntza eta Euskara: 413.247
Giza baliabideak eta Antolakuntza: 4.291.739
Alkatetza: 299.015
Industria, merkataritza eta turismoa: 432.300
Hogasuna eta Ondarea: 1.301.093
Festak: 436.417
Hirigintza eta Ingurumena: 4.083.335
Zerbitzu Orokorrak eta Baserriak: 3.033.235
Kultura eta Gazteria: 525.535

Udal erakundeak:

Euskara Patronatoa: 525.205 euro
Kirol Patronatoa: 656.845
Lapatx Zabortegia S.A.: 1.440.000
Azpeitia Lantzen S.A.: 2.899.357

Seiehun mila euro gehiago

2004an Udalak aurten baino 624 mila euro gehiago izango ditu kudeatzeko. Aurten aurrekontu osoa —Azpeitia Lantzen S.A.ko, Lapatx Zabortegia S.A.ko, Euskara Patronatoko, Kirol Patronatoko aurrekontuak gehituta— 20,2 milioi eurokoa du eta 2004an 20,8 milioi eurokoa izango du. Aurrekontu propioa, 2003an 15,8 milioi eurokoa eta 2004an 16,2 milioikoa izango du.

Urtea hasterako

Gaur, abenduaren 23an 2004 udal aurrekontuak; azken urteetan ez bezala. Aurreko urteetan urtea hasi ondoren onartu izan dira: 2003ko aurrekontuak martxoan onartu ziren, 2002koak maiatzean eta 2001 eta 2000ko aurrekontuak martxoaren bukaeran.

Sailetan aldaketak

Udal hauteskundeen ondoren EAJk eta EAk udal gobernua osatu eta sailak aldatu eta berriak sortu zituzten. 2003ko eta 2004ko aurrekontuetan alderik handienak bat egin duten sailetan eta berrietan daude. Kirolak eta Gizarte Zerbitzuak sailek aurtengo eta 2004ko aurrekontua antzekoa dute. Aldiz, Zerbitzu Orokorrak eta Baserriak-ek (aurreko legegintzaldian bi sail ziren) 2,5 milioi euro gutxiagokoa izango du. Baina Giza Baliabideak eta Antolakuntza sail berriak 2004an 4,2 milioi euro izango ditu.

Gorabeherak

Udal erakundeen aurrekontuetan gehien igo dena Lapatx Zabortegia S.A.ren aurrekontua da eta jaitsi dena, berriz, Azpeitian Lantzen S.A.rena.

Habeak proposamena

Habeak EAJ-EAri aurrekontuen inguruan akordiorako proposamena egin dio, arloka zenbait puntu zehaztuz. Habea, Eman Hitza prozesua eramaten ari da bai aurrekontuei eta baita aurreragoko kontuei begira ere. Arloka batzar irekiak egin dituzte, eta Habeakoen esanetan, parte-hartze “handiarekin”. Arloka ekarpenak jaso eta udal gobernua osatzen duten alderdiei “akordiorako” proposamena egin die. Honatx proposamenak: Kulturan, Soreasu eraberritu eta kultur erabilera anitzerako bideratzea; Etxebizitzan, etxebizitza sozialak edo publikoak egitea —“guk Garmendi inguruan badugu proiektu bat—; Kirolan, kirol gunea Loiolabidera zuzenduta; Euskaran, EBPNko proiektuaren definizioa eta parte-hartzea bermatzea; Auzoetan, beharrezko zerbitzuak jartzea; Emakumearen saila sortzea udaletxean eta horretarako teknikari postua sortzea; eta “Habeari dagokion diru partida ematea”. “Akordiorako proposamena egin eta aurrekontuak onartzeko udalbatzarra atzeratzea eskatu genien. Baina gure akordio proposamenari heltzeko prest ez daudela pentsa dezakegu. Guk azken batean herri-proiektu batzuk aurkeztu dizkiegu”, diote Habeakoek.

Julian Eizmendi alkateak, puntuka erantzun zien Habeakoei, helburu guztiak "urtebetean" ezin direla "bete" azaldu ondoren. 2004ko aurrekontuetan inbertsio garrantzitsuenetako bat kirol gunerako "jarri dutela" esan zuen Eizmendik eta kokapenaren inguruan ere ondo pentsatu ondoren hartu dutela erabakia; kulturan, 2004rako "proiektua egiteko dirua jarri" dela azaldu zuen; etxebizitzaren kontua, haien programan "letra handiz duten helburu programatikoa" dela azaldu zuen alkateak; auzoetan, berriz, 2004rako Urrestillan lokaletan "inbertitzeko dirua jarri" dela gaineratu zuen; emakumearen arloan Habeak egindako proposamenari ere erantzun zion esanaz: "kargu hartu eta hartu genuen lehen erabakia emakumeentzako lokal bat erostea eta egokitzea izan zen. Eta gure ustez Gizarte Zerbitzutik gaur egun emakumearen arloan lan asko ari gara egiten. Teknikari baten postua sortzearen inguruan berriz, uste dugu beste sail batzuetan lehentasun handiagoak ditugula eta lanpostu berriak sortzeko asmoa dugu".