Goenako haur parkea puskatuta azaldu da

Uztarria.eus 2003ko abe. 10a, 12:12
  • Kalteak zerra batekin egin dituzte
  • Udalak 18.000 eurotan baloratu ditu kalteak

Goenako kanpako haur parkea puskatuta aurkitu zuten atzo Azpeitiko udaltzainek. Udaltzaingoak Uztarriari esan dionez, "asteburu honetan egin dituzte kalteak, baina ez dakigu zehazki zein egunetan". Kalteak zerra batekin eginda daudela uste dute, "kolunpioak moztuta dauden formarengatik". Izan ere, goenako haur parkeko kolunpioak egurrezkoak eta burnizkoak dira eta egurrezko estrukturak ebakita azaldu dira. Kalteak nork egin dituzten oraindik ez dakite, baina horretan dabil Azpeitiko Udaltzaingoa.

Udalak 18.000 eurotan baloratu ditu haur parkeko kalteak. Udaleko ordezkariek Uztarriari esan diotenez "gisa honetako kalteak herritar guztiei eragiten diete".

Ez da lehen aldia horrelako ekintza bat gertatzen dela Azpeitian. Joan den urtean ere Harzubia hiribideko haur parkea kiskalita agertu zen. Udaltzaingoak ez zuen argitu sute hori nork egin zuen.