Uztarria.com berritua

Uztarria 2003ko aza. 29a, 14:11
Orain arteko atariaren diseinua (Uztarria)

Uztarria.com webguneak, itxura berria du gaurtik aurrera. Diseinua, efemerideak, elkarrizketak on-line, bilaketa, eta berrantolaketa dira aldaketa nagusienak.

Ia bi urte igaro dira uztarria.com herriko atari hau inaguratu zenetik. Bestalde, gaur bertan, Uztarria Kultur Koordinadorak eta Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak bat bat egin dute, talde indartsuago bat sortzeko bidean.

Aitzakia polita, webgunea berritzeko.

Uztarria oso pozik dago orain artean uztarria.com atariak egindako ibilbideaz. Herri komunikazioa eta teknologia berriak uztartzeko ahaleginean, urrats garrantzitsua eman da bi urteko ibilbide honetan; eta, aurrerantzean ere, bide hori jarraitzeko konpromezu eta ilusioa erakutsi nahi da berrikuntza honekin.

Berrikuntzarik nagusienak

Honako hauek dira, berrikuntzarik nagusienak.

  • Diseinu berria. Diseinua aldatu egin da, sinplifikatu, ahalik eta errazena izan dadin bertan nabigatzea. Gutxien erabiltzen ziren loturak, kendu edo ezkutuago utzi dira. Helburua, bakarra: herritar guztiontzat, komunikazio tresna erabilgarriagoa lortzea.
  • Elkarrizketak on-line. Esperientzia aintzindaria euskal webgintzan. Hilean behin edo, herritar bat ipiniko dugu ordenadorearen aurreran, azpeitiar internauten galderei erantzuten. Etxetik hasteko, lehenbizi Laxaro Azkune bera izango dugu datorren ostegunean.
  • Berrantolaketa. Diseinuarekin batera, atal batzuk berrantolatu egin dira. Oraingo baino gehiago, ondoren etorriko diren hobekuntzei erantzun nahi die berrantolaketa honek. Herria atala sortu dugu; bertan jarriko ditugu herriko zenbait zerbitzu, autobus ordutegi, eta gisa hortako informazioak. Momentuz, Foru Aldundiak eskaintzen duen aukera baliatuz, herriko mapak eta sartu ditugu, loturen bidez. Lehen aparte genituen taldeak eta ziber-artxiboa ere, adibidez, atal nagusiago honen azpian kokatu dira orain.
  • Argazkiak. Azken aldi honetan martxan zegoen atala da hau, baina indarberrituta irten da oraingo diseinuan. Hilabeteak argazkitan ikusteko aukera dago webgune honetan; eta, baita, zenbait hitzordu edo gertakizun argazkitan ikustekoa ere.
  • Bilaketa sistema. Bilaketa sistema berria du atariak, martxan. Egin aproba, eta ikusiko duzu zeinen erraza den atera ditugun aldizkari guztietan, albisteetan, zibertekan, eta gainerako orrialdeetan bilatzea. Nahi baduzu, sartu bi hitz edo gehiago ere.
  • Efemerideak. Uztarria-k, laster argitaratuko du Imanol Elias historiagileak idatzi duen efemerideen liburua. Bada, publikatu aurretik ere, hemen daukazue sarean. Egunez-egun, kontsultagai. Eta egunean eguneko efemerideak, portadan bertan.
  • Beste batzuk. Bestelako aldaketa txiki batzuk ere egin dira. Herri aldizkarietan nabigatzeko modu txukunagoa daukazue orain; inkestetan boto-ematea kontrolatu egiten da apur bat; edozein orri inprimatzeko prestatu edo lagun bati bidaltzeko aukera daukazue, ezkerreko menuan; agenda atala ere berritu egin dugu, sinplifikatzeko; eta abar.

Eta, laster etorriko diren hobekuntzei erantzuteko prest utzi dugu ataria, berrantolaketa honen ondorioz.

Hobekuntzak egiterako orduan, kontuan hartu dira webgunean bertan izan zen eztabaida zaharrago bat. Handik hartu dira zenbait ideia.

Bestalde, webgune osoak Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du.

Ea aldaketa egiterakoan asmatu den.