Azpeitiarrik ez, bertsolari finalean

Josu Azpillaga 2003ko aza. 24a, 10:11

Zarautzen aritu zen Jokin Uranga, beste bost bertsolarirekin batera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoan. Lan ona egin zuen, baina finalak ihes egin dio.

Sei bertsolari ziren atzokoan, kantari: **Nahikari Gabilondo, Iñaki Gurrutxaga, Jokin Uranga, Aitor Sarriegi, Iñaki Zelaia eta Ekaitz Goikoetxea**. Finalerako txartel zuzena, Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak eraman zuen.

Atzoko saioa ez zen punta-puntako saioa izan, baina bai akatsik gabea eta detaile politak utzi zituena. Inor ez zen bereziki nabarmendu, eta "pronostikoak" egitea oso zaila zegoen saioaren bukaeran. Puntuazioak berak ere erakusten du denek artean izan zen oreka: aurrenekotik seigarrengora 27 punturen aldea baino ez zen izan. Eta, bigarrengotik bostgarregnora 10 puntu eskasena.

Jokin Uranga, oso txukun

Lasaitu ederra hartuko zuen atzokoan Jokin-ek. Txapelketa bikaina egin du, eta horren ondorioz, finaleko atarian gelditu da. Atzoko saioan ere lan polita egin zuen, txukuna oso.

Hamarreko txikian Aitor Sarriegi izan zuen kantulagun. Euskal Herrian denbora asko zeramaten bi emakume arabiarren azalean sartu ziren; Aitor beraien herriko erara jantzita eta Jokin aldatzeko prest.

Aitor Sarriegiren lehena:

Neure egin ditut euskara eta
hamaika kultur ondare
ta ikastolan matrikulatu
ditut hiru ume pare
nere begia hara begira
dago sarritan halare
Euskal Herrian bizi naiz baina
nor naizen ahaztu gabe

Eta Jokin Urangak hirugarrenean:

Gure janzkeraz jendea dabil
kalean kontu-kontari
kale ertzetik entzuten ditut
nik marmar guztiak adi
burua eta dena tapatuz
badegu tela ugari
bada garaia eman zaiogun
aurpegia munduari

Ondoren, hamarreko txikian aritu zen, oraingo honetan Nahikari Gabilondorekin, senar-emazte papelean. Nahikarik, emazteak, broma bat egin zion Jokini telebista saio batean. Hartara, neska polit baten bisita jaso zuen. Telebistan broma ikusi berri dute eta hizketan hasi dira. Jokin-ek, lehen bertsoan, hori ez zela "broma, putada bat baizik" bota zion.

Puntutan aritu ziren ondoren guztiak, Jokin Ekaitz Goikoetxearekin. Txapelketako kartelean agertzen diren bi aurpegiak norenak ote diren galdezka, elkarrizketan aritu ziren Jokin eta Ekaitz.

Bakarkada lana iritsi zen ondoren. Eskale bat etorri zitzion etxera Jokini. Baina ez zion dirurik eskatzen. Konpainia eske zetorren. Zazpi puntuko doinuan, ongi bideratu zuen Jokin-ek gaia lehen bertsoan, bukaera indartsuarekin. "Zuretzat beste badaukat eta, etorri zaitez barrura". Bigarren bertsoan historia borobiltzen saiatu arren, tarteko bi puntuek nahasi xamar utzi zuten historia. Hirugarrengoan, bere jokabidea "ejenplu izan dadila" esanez bukatu zuen.

Kartzelako lanean, seiko txikian, bikote papera hartu zuten, bi ume zituzten bikote papera. Banatzekotan zeuden.

Puntuazioa

Honako hau izan zen bukaera sailkapena:

  1. Ekaitz Goikoetxea 486
  2. Iñaki Gurrutxaga 480
  3. Iñaki Zelaia 474
  4. Jokin Uranga 470,5
  5. Aitor Sarriegi 469,5
  6. Nahikari Gabilondo 459

Txapelketa bikaina, Jokin-ek

Pozik egoteko moduan da Jokin, txapelketa bikaina egin baitu. Atzo ere, ale politak utzi zituen, eta akatsik gabeko saioa osatu zuen. Agurrean ere, umore finez, polikiroldegi osoa farrez utzi zuen. Eskertzekoa, txapelketetako saioetan umore hori. Zorionak, beraz, Jokini.

Lau azpeitiar abiatu ziren txapelketa honetan. Lautik bi gelditu ziren final-laurdenetarako. Bitik bat final-erdietarako, Jokin, eta ez da azpeitiarrik izango finalean.

Informazio gehiago www.bertsozale.com webgunean.